Mundua -

AEB

Las Vegasko hiltzaileak 47 arma zituen, horien erdia hotelean

Gainera, Stephen Paddockek (64 urte) amonio nitratoa, lehergailuak egiteko gaia, zeukan autoan. Poliziak uste du bere buruaz beste egin zuela agenteak gelan sartu baino lehen.

Hilketa Mandalay Bayren inguruetan izan zen. Argazkia: EFE
59 hildako eta 500 zauritutik gora, Las Vegaseko tiroketan

1:46

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Stephen Paddockek, Las Vegasen 59 pertsona hil eta 500 baino gehiago zauritu dituen pertsonak, 47 su-arma zituen Mesquiteko etxean, tiroketaren tokitik 130 bat kilometrora, hango beste etxe batean, eta hoteleko logelan.

Poliziak armen erdia inguru hoteleko logelan aurkitu ditu. Country musika jaialdiko kontzertuan bildutako 22.000 pertsonen aurka tiro egin zuen Paddockek bertatik, Todd Fasulo Clark konderriko sheriffaren laguntzaileak jakitera eman duenez.

Beste hainbat su-arma Mesquiteko etxean topatu dituzte, Nevadako hiri txikian, eta gutxi batzuk beste etxe batean.

Fasuloren hitzetan, Paddockek bi dispositibo zituen arma erdiautomatikoen kulatetan, tiro modu guztiz automatikoan egiteko.

Gainera, Poliziak erasotzailearen autoan amonio nitrato kilo batzuk aurkitu zituen, lehergailuak egiteko materiala, alegia.

64 urteko erasotzaileak polizien aurka tiro egin zuen azken hatsera arte, Mandalay Bay hoteleko logelaren atetik, Joseph Lombardo Clark konderriko sheriffak azaldu duenez.

Paddockek segurtasun zaindari eta SWAT talde bati tiro egin zien. SWAT taldea sei poliziak osatzen zuten eta hoteleko logelak solairuz solairu miatzen joan ziren.

“Logelan sartu baino lehen, erasotzaileak bere buruaz beste egin zuela uste dugu”, adierazi du Lombardok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea