Mundua -
Brusela
Bruselak Rajoyri: 'Indarkeria ezin da inoiz baliabide izan politikan'
Europako Batzordearen arabera, Kataluniako erreferenduma ez zen legezkoa izan, eta independentzia Europar Batasunatik ateratzea suposatzen duela gogorarazi du.
Agentziak | Erredakzioa
Europako Batzordeak elkarrizketarako zubiak eta kolaborazio bide berriak zabaltzeko eskatu die Kataluniako krisi politikoaren eragile guztiei. Ildo horretan, Europako Batzordeak esan du indarkeria inoiz ezin dela baliabide izan politikan; eta bestetik, egoerari irtenbidea bilatzeko Mariano Rajoy presidentearen "lidergoan" konfiantza duela erantsi du.
"Eragile guztiei dei egiten diegu borrokatik elkarrizketara ahalik eta arinen igarotzeko. Indarkeria ezin da inoiz baliabide izan politikan", esan du Margaritis Schinas Europako Batzordearen bozeramaile nagusiak.
Halaber, erreferendumaren bozketa Espainiako Konstituzioaren arabera "legez kontrako" izateaz gain, erronka sezesionista "barne" arazoa dela aipatu du bozeramaileak.
Ildo horretan, balizko Katalunia independente bat Europako Batasunetik kanpo geldituko litzatekeela gogorarazi dio berriro Kataluniari.
"Espainiako Konstituzioaren barneko erreferenduma antolatuko balitz, Europako Batasunetik kanpo geldituko litzateke independente egiten den herri hori", esan du Schinasek.
"Legezko arazoez gain, batasunerako eta egonkortasunerako garaia" dela uste du Europar Batzordeak; ildo horretan, "desadostasuna eta zatiketa alde batera" uzteko eskatu du.
Brusela arazoan bitartekari gisa aritzeko jasotako zenbait alderdiren eta Kataluniako Gobernuaren deien harira, Schinasek esan du ez duela "espekulatu" nahi aukera horrekin, eta Batzordeak esandakoa berresten duela gaineratu du.
Rajoy eta Junckerren arteko elkarrizketa
Atzoko egunean zehar Europar Batzordearen eta Espainiako Gobernuaren kideak harremanetan egon zirela jakinarazi du bozeramaileak, eta arratsaldean Mariano Rajoyren eta Jean-Claude Junckerren arteko elkarrizketa telefonikoa izango dela gaineratu du.
Ildo horretan, "prozesu zail" horri aurre egiteko Rajoyren "lidergoan" uzte du Bruselak; baita, Espainiako Konstituzioa eta horren barne gelditzen diren herritarren Funtsezko Eskubideak babesteko ere.