Mundua -

AEB

59 pertsona hil dituzte Las Vegasen, AEBko historiako tiroketa larrienean

Estatu Islamikoak tiroketa bere gain hartu du, baina FBIk ukatu egin du.

Las Vegaseko kontzertu batean izan da tiroketa. Irudia: EFE
58 hildako eta 400 zauritu, Las Vegasen izandako tiroketan

2:00

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 59 pertsona hil dira eta 500dik gora zauritu, igande gauean Las Vegasko country musikako kontzertu batean izandako tiroketaren ondorioz. Mandalay Bay kasinoaren parean izan da, Joseph Lombardo sheriffak jakitera eman duenez. Stephen Paddockek, ustezko erasotzaileak, 64 urtekoa bera, bere buruaz beste egin zuen, triskantza eragin eta gero.

22:00ak aldera gertatu da, country musikako kontzertu batean, kasino horren ondoko zelaigunean. "Puntu altu batetik tiro egiten ari ziren. Balak bata bestearen ostean botatzen ari ziren", azaldu du kontzertura joan den pertsona batek, KSNV News katean.

Polizia bertaratuta, "tirotzaile aktibo bat dago Mandalau Bay kasinotik gertu", jakinarazi dute Twitter bitartez. "Bertatik aldentzeko eskatzen diogu jende guztiari", adierazi dute sare sozialean.

Ustezko tiratzaileak, 64 urtekoa eta Nevadako Mesquiteko bizilaguna bera, hotel bateko gela batetik jaurti zuen. Indar berezietako talde bat sartu zen, azkenean, gelan, eta bertan zegoen, hilda, Paddock. Susmagarri bakarra da.

Las Vegasko Poliziak agiri batean berretsi duenez, ikerketa aktiboa dago abian xede izanik gertatutakoa argitzea; herritarrei laguntza eskatu diete: edozein bideo eta argazki izan daiteke lagungarria ikerketan. "Patzientzia" eskatu dute, halaber, biktimen identifikatzeko.

LAS VEGAS TIROKETA

LAS VEGAS TIROKETA

"Route 91. Harvest" musika festibalaren agertokietako baten irudi orokorra. EFE

Polizia hiriko beste zenbait gunetan tiroketak ikertzen ari zela zabaldu dute hasiera batean Ameriketako Estatu Batuetako hedabideek, baina segurtasun indarrek esan dute erasotzailea bakarrik zegoela. Halere, Lombardok azaldu du emakume baten bila ari direla, erasotzailearen laguna delakoan.

Erasoa zer dela eta gertatu den galdetuta, oraindik ikertzen ari direla erantzun du Lombardok, baina ez direla terrorismo ekintza bezala aztertzen ari azpimarratu du. "Otso bakarti bat dela uste dugu", azaldu du.

Estatu Islamikoak erasoa bere gain hartu du, baina FBIk ukatu egin du

Estatu Islamikoak tiroketa bere gain hartu du. Amaq albiste agentziak ziurtatu duenez, erasoaren egilea "Estatu Islamikoaren soldadu bat izan da", baina ezin izan dute egiaztatu oraindik.

Nazioarteko koalizioaren ekintzei erantzuteko erasoa izan da, Amaq albiste-agentziaren arabera. AEBek zuzenduta, nazioarteko koalizioa Estatu Islamikoaren aurka borrokan ari da Sirian eta Iraken.

Agentziak aldarrikapenaren ostean argitaratutako beste agiri batean azaldu duenez, Stephen Paddock ustezko erasotzailea "duela hilabete batzuk islamera aldatu zen".

Dena dela, FBIk ukatu egin du tiratzaileak "talde atzerritar batekin lotura izatea".

Tiroketa "gaiztakeria ekintza garbia" izan dela salatu du Trumpek

Bestalde, tiroketa "gaiztakeria ekintza garbia" izan dela gaitzetsi du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. Segurtasun indarren esku-hartze "miraritsua" goraipatu du.

"Tristuran, hunkipenean eta doluan baturik gaude", adierazi du Trumpek prentsaurrekoan, Etxe Zurian.

Egun "oso ilun" honetan biktimei eta haien senitartekoei elkartasuna adierazi die agintariak. Larrialdi zerbitzuen "esfortzu ausarta" txalotu du, "benetako profesionaltasunez" kalte handiagoak izatea eragotzi zutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak Gaurko azken orduko albistea