Mundua -
Nazio Batuen Erakundea
800.000 errefuxiatu rohingya daude jada Bangladeshen, NBEren arabera
NBEk rohingya gutxiengo etnikoari laguntzeko neurri zehatzak eskatu ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Filipo Grandi Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziako Goi Komisarioak gaur jakinarazi duenez, 800.000 errefuxiatu rohingya daude Bangladeshen, Rakhine estatuan izandako azken erasoen ondorioz.
"Argi dago krisiaren jatorria Birmanian dagoela, baina irtenbidea ere, Birmanian dago", esan du Nazio Batuen Goi Komisarioak.
Ildo horretan, krisiari irtenbiderik bilatu ezean, lurraldean eraso terroristak zabaltzeko arriskua “oso-oso handia” dela ohartarazi du Grandik.
Grandiren hitzetan, "inork ez daki" Bangladeshen dauden errefuxiatu rohingyei Birmaniara itzultzen utziko dieten agintariek.
Hori dela eta, Nazio Batuen Giza Eskubideen zenbait adituk gutxiengo etniko horri laguntzeko neurri zehatzak eskatu dituzte.
Rakhine estatuan zein Cox’s Bazar hirian(Bangladesh) dauden errefuxiatuekin biltzeko eskatu diote Aung San Suu Kyi Birmaniako buruari ere.
Halaber, indarkeriari "berehala" amaiera emateko eskatu dio NBEk Birmaniako Gobernuari, ohar baten bidez.
Era berean, milaka desplazaturi arreta emateko "nazio arteko erakundeen etengabeko giza laguntza" baimentzeaz gain, "behatzaileen lana bermatzea” ere eskatu dute, "egoeraren analisi inpartziala eta independentea" egin dezaten.