Mundua -
Emaitzak
Independentziak ia erabateko babesa izan du Kurdistango erreferendumean
Boto-emaileen % 91,83k egin dute independentziaren alde, lehen emaitzen arabera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hautesleen ia % 92k independentziaren alde bozkatu dute astelehenean Irakeko Kurdistanen egindako erreferendumean, lehen emaitzen arabera. Lurraldeko presidenteak, Masud Barzanik, ospatu egin ditu zenbakiok.
Hain zuzen ere, boto-emaileen % 91,83k egin dute independentziaren alde, Rudaw informazio agentzia kurduak jakinarazi duenez.
Emaitzen berri izan ostean egindako hitzaldi batean, Barzanik adierazi du Kurdistanen "aro berria" hasiko dela orain. Horren ildotik, "mehatxuak eta zigorrak alde batera uztea" eskatu dio Irakeko Gobernuari, "elkarrizketa serioa" abiatu ahal izateko.
Irakeko Gobernuarentzat, erreferenduma Konstituzioaren aurkakoa da, eta hiru eguneko epea eman dio Kurdistango Exekutiboari aireportuen kontrola entregatzeko.