Mundua -
Parlamenturako hauteskundeak
Chavez garaile Venezuelan, baina ez ditu lortu Parlamentuaren bi heren
PSUVk oposizioak baino eserleku gehiago eskuratu ditu, baina ez da 110era iritsi eta ez du gehiengo kualifikaturik izango.
Erredakazioa
Hugo Chavez Venezuelako presidentearen PSUV alderdiak irabazi ditu atzoko Parlamenturako hauteskundeak, baina ez ditu ganberaren bi herenak (110 diputatu) eskuratu, lehenengo buletin ofizial partzialean jakinarazi dutenez.
Venezuelako Alderdi Sozialista Batuak (PSUV), Hugo Chavez presidentea buru duenak, onartu du ez duela 110 diputatu lortzeko helburua erdietsi.
"Helburua 110 diputatu ziren. Ez da posible izan, baina 95 diputatu ditugu, gehiengo zabala, garaipen sendoa", adierazi du Aristobulo Isturiz PSUVren kanpaina buruak.
"Emaitza honek berretsi egiten du herrialdeko lehenengo indar politikoa garela", gaineratu du Isturizek, eta "inoiz baino gehiago batzeko" deia egin die herritarrei, izan ere, "borroka luzea da hau, egunerokoa, amaitzen ez den borroka bat".
PSUVren buruzagiak azpimarratu du Asanblea parlamentarioko diputatu berriek "sozialismoaren eraikuntza jarraitzeko indar garrantzitsua" egingo dutela datozen bost urteetan.
Porrota
Hauteskundeen aurretik, PSUVk esan zuen porrota izango zela 110 eserlekura ez iristea, izan ere, kopuru hori behar da edozein lege oposiziorik gabe onartzeko. 95 diputaturekin, PSUVk lege arruntak onartu ahalko ditu, baina ezingo ditu lege organikoak aurrera atera, 110 boto behar baititu horretarako.
Oposizioa izan da bozkatuena
Batasun Demokratikoaren Mahaia oposizioko aliantzak, hauteskundeak galdu dituen arren, jaso du boto gehien, % 52 hain zuzen ere, Ramon Guillermo Aveledo bozeramaileak jakinarazi duenez.
"Gehiengoa gara, botoen % 52 eskuratu dugu", irgarri du Aveledok koalizioaren egoitzatik.