Mundua -
Parlamenturako hauteskundeak
Merkel inposatu da eta alderdi ultraeskuindarra Parlamentuan sartu da
Alemaniarako Alternatiba 1961etik Alemaniako Parlamentura iristen den lehen alderdi ultraeskuindarra da, botoen % 13,5 lortuta.
Agentziak | Erredakzioa
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Batasun Kristau Demokratikoak haren alderdiak irabazi dituzte igande honetan Alemanian egindako hauteskunde legegileak. Alemaniarako Alternatiba 1961etik Alemaniako Parlamentura iristen den lehen alderdi ultraeskuindarra da, botoen % 13,5 lortuta.
Telebistako kate publikoen galdeketen arabera, zenbaketa ofizialaren zain, Merkelen alderdiak eta haren alderdi anaiak, Bavierako Batasun Sozial Kristauak botoen % 33 lortu dute, bigarren indar politikoak baino 12 puntu gehiago gehiago, Martin Schulzen Alderdi Sozialdemokrataren aldean, hain zuzen.
Alemaniarako Alternatibaren ostean, Alderdi Demokratiko Librea (% 10,5), Ezkerraren alderdia (% 9) eta Berdeak (% 9,5) daude, ARD kate publikoaren galdeketen arabera.
Alemaniako hautesleen % 41,1ek bozkatu dute igande honetan, 14:00ak baino lehen (12:00 GMT), duela lau urteko zifra ia berdina, hauteskunde legegileak egin zirenean azkenekoz. 2013an, ordu horretan partaidetza % 41,4koa zen, Hauteskunde Bulegoak ohar batean emandako datu ofizialen arabera.
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta hautagai sozialdemokratak Berlinen bozkatu du; galdeketa guztiek laugarren agintaldi bat izango duela diote. Martin Schulz sozialdemokraten zerrendaburuak Wurselen eman du bere botoa, herrialdearen mendebaldean.
Alemaniako Parlamentu berria aukeratzeko hauteskundeetan 61 milioi alemaniar baino gehiago zeuden bozkatzera deituta. Galdeketen arabera, sei talde parlamentariok osatuko dute ganbera hori.
Merkelek 'emaitza hobea' espero zuela esan du
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak "emaitza hobea" espero zuela esan du, hauteskunde legegileetan laugarren agintaldia lortu ostean igande honetan. Halaber, Alemaniarako Alternatiba ultraeskuindarraren boto-emaileak “berriro konkistatzeko” konpromisoa hartu du.
"12 urtez izan dugu erantzukizuna gobernuan eta ez zegoen argi berriro ere alderdirik garrantzitsuena izatera helduko ginenik, baina hauteskunde hauetan Alemaniarako Alternatiba nola Parlamentura iritsi den ere ikusi dugu. Analisi arduratsua gauzatuko dugu. Alemaniako Alternatibaren boto-emaileak berreskuratu nahi ditugu, haien kezkak ezagutu nahi ditugu", adierazi du Merkelek.
"Helburu estrategikoa lortu dugu", adierazi du buru kontserbadoreak, Batasun Kristau Demokrataren egoitzatik. Horrez gain, bere alderditik kanpo dagoen bat berak ere ez duela Gobernuarekin koaliziorik lortuko nabarmendu du.
Hemeretzigarren hauteskunde orokorrak
Alemanian egiten diren hemeretzigarren hauteskunde orokorrak dira hauek. Igande honetan 31,7 milioi emakumek eta 29,8 gizonek dute botoa emateko eskubidea. Hiru milioik lehen aldiz bozkatuko dute gaur, azken hilabeteotan 18 urte bete baitituzte.
Parlamentuko diputatuak aukeratzeko bi boto ditu alemaniar bakoitzak. Batetik, boto-emaileak zuzenean aukeratzen duen hautagaiarekin 299 jesarleku betetzen dira, eta, bestetik, alderdi baten zerrenda bozkatzeko aukera dauka.
Legegintzaldi honetan orotara 630 jesarleku egon dira Parlamentuan. Izan ere, alderdi batek bere zerrendaren arabera dagozkionak baino zuzeneko boto gehiago eskuratzen baditu, ganberan jesarleku gehiago jartzen dituzte, talde parlamentarioen artean oreka mantentzeko asmoz.