Mundua -

Gatazka

AEB: 'Ipar Koreak gerra nahi du'

Ebazpenak bete egin behar dituela gogoratu dio NBEk Ipar Koreari. Txinak eta Errusiak gatazka bide diplomatikoen bidez konpontzeko deia egin dute.

Kim Jong Un. Argazkia: EFE
Kim Jong Un. Argazkia: EFE
Kim Jong Un. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuaren esanetan, Ipar Koreak "gerra nahi du", eta haren kontrako "neurririk gogorrenak" ezar ditzala eskatu dio Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari.

"Aski da", aldarrikatu du Nikki Haley enbaxadore estatubatuarrak NBEren erakundearen aurrean. Segurtasun Kontseiluak 2006an hartutako jarrerak fruiturik eman ez duela eta neurri berriak hartzeko garaia iritsi dela azpimarratu du. Hala ere, Donald Trumpen Gobernuak ez du zehaztu zeintzuk izan beharko liratekeen neurri berri horiek.

"Ahaleginak egin ditugun arren, Ipar Korearen programa nuklearra aurreratuagoa eta arriskutsuagoa da", ohartarazi du.

Areago, Haleyk adierazi duenez, Kim Jon-unek "gerra nahi du". "Ameriketako Estatu Batuek ez dute gerrarik nahi, baina gure herrialdearen pazientzia ez da mugagabea", zehaztu du.

Batasunerako eta zuhurtziarako deiak

Bestalde, Jeffrey Feltman Gai Politikoetarako NBEren idazkari nagusiaren ondokoak "batasuna" eskatu die Segurtasun Kontseilua osatzen duten herrialde guztiei, Ipar Korearen "probokazioekin" amaitzeko.

Feltmanek aitortu du oso kezkatuta daudela Ipar Koreak egin duen azken saio militarra dela eta. Ildo horretan, Piongiangek nazioarteko ebazpenak bete egin behar dituela gogoratu du.

Ameriketako Estatu Batuek neurri gogorrak eskatu dituzte, eta Txinak eta Errusiak "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu diote NBEren Segurtasun Kontseiluari.

Vassilli Nebenzia Errusiako enbaxadorearen esanetan, "une honetan ezinbestekoa da burua hotz izatea; tentsioa areagotu dezaketen ekintzak saihestu behar dira".

Errusiaren ustez, konponbidea ez da bide militarra erabilita etorriko, "konponbidea bide diplomatikoen bidez iritsiko da, eta horretarako Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren bitartekaritza lana behar da".

Liu Jieyi Txinako enbaxadoreak, berriz, Pekinen egindako proposamena "seriotasunez" aztertzeko gonbita egin die herrialde guztiei. Txinaren proposamena onartuz gero, Piongiangek bere programa atomikoa bertan behera utzi beharko luke, eta Hego Koreak eta Ameriketako Estatu Batuek maniobra militarrak egiteari uko egin beharko liokete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak argazkiak NBE argazkiak Eguneko albisteak Ipar Korea Albisteak