Mundua -
Venezuela
Leopoldo Lopezen emaztea inputatu dute haren autoan aurkitutako diruagatik
Dirua berea dela adierazi du Lilian Tintorik, eta "legez kanpoko zeozer egin dudala erakusteko asmakeria" salatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Leopoldo Lopez Venezuelako preso politikoaren emaztea den Lilian Tintori inputatu dute joan den asteartean haren ibilgailuan aurkitutako 200 milioi bolibarrengatik (60.000 dolar baino gehiago). Tintorik salatu duenez, bere familiaren aurkako "jazarpenak" aurrera darrai.
"Nire kamionetan aurkitutakoagatik deklaratzera joan naiz gaur", azaldu du Tintorik Twitterren argitaratutako bideo baten bidez. "Bertan nengoela, auzitegi batean inputatu nautela zabaldu dute. Auzi pertsonal bat eskandalu bihurtu dute", salatu du.
"Nire familiaren aurkako jazarpenak aurrera darrai. Inork ez du geldituko askatasunaren, bakearen eta demokraziaren aldeko borroka", gaineratu du. "Dirua izatea ez da delitua. Ez naiz langile publikoa, ama, emaztea eta giza eskubideen aldeko ekintzailea baizik. Zer ari dira bilatzen? Gu kaltetzea, iraintzea", ondorioztatu du.
Tarek Saab Venezuelako fiskal nagusiak iragarri zuen dirua atzeman zutela Lopez opositorearen familiaren auto batean. Etxean dago preso Lopez, eta ordu gutxira Tintori izan da dirua bere autoan zegoela aitortu duena.
Lopezen emazteak Twitterren esan duenez, "familiako premiazko gastuetarako" dirua zen. "Nire amonatxoak 100 urte ditu eta ospitalean dago duela egun batzuetatik", jakinarazi du.
Polizia zientifikoak adierazi duenez, dirua "egurrezko lau kutxatan" banatuta zegoen, Caracaseko ekitaldean atzeman zuten ibilgailuan, hain zuzen ere.
Dirua berea dela adierazi du Lilian Tintorik, eta "legez kanpoko zeozer egin dudala erakusteko asmakeria" salatu du.