Mundua -
Texas (AEB)
Bi leherketa izan dira Crosbyko lantegi kimikoan, Harveyren ondorioz
Pertsona bat erietxera eraman dute, gasa arnastu baitu.
EiTB.EUS
Odol eta txikizio arrastoa utzi du Harvey urakanak Texaseko Estatuan (AEB). Gutxienez 37 pertsona hil dira. Crosby herrian (Harris konderria, urakanak gogorren astinduta eremua) dagoen Arkema zentral kimikoan bi leherketa izan dira bart.
Lantegi kimikoko arduradunek baieztatu dutenez, bi eztanda izan dira 02:00ak aldera. Harris konderriko funtzionarioen arabera, ke beltza ateratzen ari da zentraletik.
Bestalde, Harris konderriko sheriffaren bulegoaren arabera, gutxienez polizia bat eraman dute erietxera, gasa arnastuta intoxikatu baita.
Houston hiritik 40 kilometrora dago Crosby, eta 2.300 bat biztanle ditu.
Leherketa arriskua oso handia zen, eta zentraletik 2,5 kilometro baino gutxiagora bizi diren herritarrak ebakuatu zituzten asteazkenean.
Richard Rowe Arkema SA lantegi kimikoko zuzendariak atzo ohartarazi zuenez, ezinezkoa zen leherketa edo suteren bat saihestea. Roweren hitzetan, Harveyk utzitako uholdeen ondorioz, generadore guztiak urez beteta daude, eta tenperatura baxuetan eduki behar diren gai kimikoak ezin izan dituzte behar bezala hoztu.
Milaka kaltetu
Texas estatuko hainbat hiritan erreskate lanekin jarraitzen dute oraindik, Harvey urakana ekaitz tropikala izatera igaro den arren 30 pertsona baino gehiago hil baitira. Gainera, milaka pertsonek haien etxeak utzi behar izan dituzte. Orain, Louisianako mugara hurbiltzen ari da.
Houstonen eragin ditu kalte handienak, baina azken 24 orduotan bertan ez du euririk egin. Dena dela, 32.000 lagun inguruk behin behineko aterpeetan bilatu behar izan dute ostatua, inguruan bilaketa eta erreskate lanak jarraitzen duten bitartean.
Azken orduotan eguraldiak hobera egin duenez, Houstonen pilatutako ur-maila jaitsi da eta garbiketa lanekin hasteko aukera izan dute. Texas estatuko hiri horretan 6,5 milioi pertsona inguru bizi dira.
Beaumont Harvey urakanaren ondorioz gehien kaltetutako beste hiri bat da. Bertan 120.000 lagun bizi dira, baina etxeetako ura hornidura eten da.