Mundua -

Venezuela

AEBk ezarritako zigor ekonomikoak gaitzetsi ditu Madurok

Etxe Zuariak jakinarazi duenez, “sortutako zor berriaz gain, Venezuelako Gobernuak eta haren petrolio-enpresa estatalak igorritako kapitalak negoziatzeko debekua” ezarria du.

Nicolas Maduro. Argazkia: EFE
Nicolas Maduro. Argazkia: EFE
Nicolas Maduro. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidenteak Venezuelaren finantza-sistemaren kontra onartu berri dituen zigor ekonomikoak gaitzetsi ditu larunbat honetan Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak. Gainera, zigor horrek Venezuelako PDVSA petrolio-enpresan ere eragina duela kritikatu du Madurok.

“Donald Trump presidenteak Venezuelako herritarren kontra hartu nahi izan dituen legez kanpoko neurriak nazioarteko araudiaren kontrakoak dira (Nazio Batuen gutuna), eta, finean, Venezuelari eraso egiteko bide inperiala hartu duela suposatzen dute”, esan du buruzagiak.

Etxe Zuariak ohar baten bidez jakinarazi duenez, “sortutako zor berriaz gain, Venezuelako Gobernuak eta haren petrolio-enpresa estatalak igorritako kapitalak negoziatzeko debekua” ezarri du.

Maduroren esanetan, dekretu horren bidez “ekonomikoki eta finantzialki Venezuela jarraitu eta blokeatu” nahi du AEBk. Ildo horretatik, Trumpen helburua herrialdea “itotzea” dela esan du Venezuelako presidenteak.

“Venezuelako susperraldi ekonomikoaren alde herritar guztiek haien eguneroko lanarekin egiten duten ahaleginaren kontrako kolpe ekonomiko eta finantziala eman du Trumpek (…) lanean jarraitzea da berari eman ahal diogun erantzun bakarra”, esan du Nicolas Madurok.

Venezuelako presidentearen esanetan, nazioarteko herrialdeek ezin dituzte gisa horretako zigor ekonomikoak onartu. “Herri libre, zintzo, duin eta independente bat izateko helburuarekin Venezuelak egiten duen ahaleginagatik” ezarri du zigorra AEBk, Maduroren ustez. Arrazoi horregatik, gainontzeko herrialdeen eta gobernuen elkartasuna eskatu du, bereziki Latinoamerika eta Kariberi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak albisteak Eguneko albisteak Venezuela Latinoamerikako azken ordukoa Nicolás Maduro