Mundua -
EBren goi-bilera
Alemaniak ukatu egin du ijitoak kanporatuko dituztela
Nicolas Sarkozyk ziurtatu zuen Alemaniak itxi egingo dituela ijitoen kanpamentu guztiak, baina Berlinek adierazi du "gaizki-ulertua" izan dela.
Erredakzioa
Guido Westerwelle Kanpo Gaietarako ministro alemaniarrak ukatu egin du herrialdetik ijitoak botako dituztela.
Atzo, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak ziurtatu zuen Alemaniak itxi egingo dituela ijitoen kanpamentu guztiak, baina Westerwellek hori ezeztatu eta estatuburu frantziarraren hitzak "gaizki-ulertua" izan direla esan du.
Europar Batasunak ostegun honetan Bruselan egindako bileran piztutako polemika dela eta, ministroak Europako zuzenbidea errespetatzeko eskatu dio Frantziari, baina, aldi berean, herrialde horretako Gobernua defendatu du, akusazio batzuk bidegabeak izan direlakoan.
Horren ildotik, Frantziak egindakoa Bigarren Mundu Gerrako krimenekin parekatzea "onartezina" eta "mingarria" dela iritzi dio.
Angela Merkelek bart bertan ezeztatu zuen ijitoak botako dituztela, hots, Nicolas Sarkozyrekin hitz egin eta gero.
Are gehiago, kantzilerrak ez zuen gai hori hizpide hartu goi-bileran, ezta Frantziako presidentearekin ere, Steffen Seibert bozeramaileak azaldu duenez.
Bruselara joan baino lehen eta Bruselan bertan ere, Merkelek gogor kritikatu du Viviane Reding komisario europarrak gai honen harira esandakoa. Izan ere, Frantzia ijitoekin egiten ari dena Bigarren Mundu Gerran gutxiengo etnikoei egiten zizkieten jazarpenen antzekoa dela esan zuen hark.
Hori horrela, Redingen adierazpenak ez direla "egokiak" izan nabarmendu du Merkellek.