Mundua -

Irailaren 19 arte

Aita Santuak hasiera eman dio Erresuma Batuko bidaia polemikoari

Bisitak polemika handia piztu du, batik bat adingabeen sexu abusuen aferaren ondorioz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benedikto XVI.a aita santua gaur goizean iritsiko da Edinburgora (Eskozia), Erresuma Batuan lau egunez egingo duen bidaiaren baitan. Eskoziako hiriburua da, hain zuzen ere, bisita horren lehen geltokia.

Bidaiak polemika handia piztu du herrialde horretan, batik bat adingabeen sexu abusuen aferaren ondorioz.

Atzo, 50 intelektualek baino gehiagok gutun bat publikatu zuten The Guardian egunkarian. Horretan, oso kritiko agertu ziren, Aita Santuari estatu-bisita baten tratua emango diotelako, eta ez bidaia pastoral batek mereziko lukeena.

Beste polemika bat Vatikanotik bertatik etorri da. Izan ere, Benedikto XVI.aren aholkularietako batek, Walter Kasperrek, jende asko haserretu du adierazpen batzuekin. Hain justu, Erresuma Batura joatea hirugarren munduko herrialde batera joatea bezala dela eta herrialde horretan "ateismo erasokorra" dagoela esan du, Alemaniako aldizkari baten arabera.

Dena dela, kardinalak ez du parte hartuko bidaian, eta Vatikanoak zehaztu behar izan du Erromak ez duela bat egiten adierazpenokin.

Edinburgora heldu eta gero, harrera egingo diote Benedikto XVI.ari Holyrood Jauregian, eta ondoren Elisabet II.a erreginarekin batzartuko da. Bilera amaitutakoan, hiriburuko erdigunea zeharkatuko du, ibilgailuz.

Holyrooden beste hainbat pertsona egongo dira, hala nola Canterburyko artzapezpikua;, Nick Clegg lehen ministrordea eta Eskoziako, Galesko eta Ipar Irlandako lehen ministroak.

Ekitaldi garrantzitsuena, John Henry Newman kardinalaren beatifikazioa, igandean egingo dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea