Mundua -

Virginia (AEB)

Trumpek 'bi aldeei' egotzi die, berriro ere, Charlottesvilleko erasoa

AEBko presidentearen aburuz, "eskuineko manifestari guztiak ez ziren neonaziak, oso jende ona zegoen tartean". KKK-ko buruzagiak "zintzotasuna" eskertu dio Trumpi.

Trump, Etxe Zurian, astelehenean. EFE
Donald Trump. EFE
Trump, Etxe Zurian, astelehenean. EFE

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trumpek atzera egin du. Astelehenean Ku Klux Klan (KKK) egin zuen Charlottesvillen (Virginia, AEB) erabilitako indarkeriaren erantzule. Astearte honetan, ordea, lehen orduetan azaldutako tesiari heldu dio berriro eta liskarrak "bi aldeei" egotzi dizkie.

"Bi aldeek dute errua. Ez dut horren zalantzarik", esan du Trumpek New Yorken, Trump dorrean, eskainitako prentsaurreko batean.

Beste gai baten inguruan hitz egiteko deitua zuen agerraldia presidenteak, baina kazetariek Virginiako erasoa izan dute hizpide euren galderetan. Eskuin muturreko manifestarien jarrera zuritu du: "Denak ez ziren neonaziak. Denak ez ziren zurien nagusitasunaren aldekoak. Are, tartean oso jende ona zegoen".

Tentsio handiko prentsaurrekoa izan da New Yorkekoa, kazetariek erasoen aurrean agertutako epeltasuna aurpegiratu diotelako. Zurien nagusitasuna aldarrikatzeko 'Eskuina elkartu' lelopean deitutako mobilizazioaren ostean, auto batek hainbat pertsona harrapatu ditu. Kolpearen ondorioz, emakume bat hil zen eta 20 pertsona zauritu ziren.

"Alde bateko talde bat txarra izan zen, eta beste aldeko talde bat ere oso biolentoa izan zen", esan du Trumpek. "Zer gertatzen da alt-righteko (eskuin muturra) kideei eraso zien alt-left (ezker alternatiboa) horiekin?

Robert E. Lee general konfederatuaren omenez jarritako estatua kendu dutelako sortu dira liskarrak. Esklabotzaren eta arrazismoaren sinbolo da askorentzat Lee.

Trump, aldiz, beste iritzi batekoa da. Haren esanetan, prentsa "bidegabe" ari da erabiltzen auzia. "Asteon Robert E. Lee hartu dute jomuga... George Washington izango da datorren astean? ETa Thomas Jefferson hurrengoan?", galdetu du.

David Duke Ku Klux Klanen (KKK) buruzagi historikoak Trumpen "zintzotasuna" eskertu du, "ezkerreko terroristak gaitzetsi" dituelako.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak Arrazismoa Gaurko azken ordukoa Donald Trump