Mundua -
Immigrazioa
GKEen Mediterraneoko erreskateak bertan behera, presioen ostean
Libiako agintariek bilatze eta erreskate gune esklusiboa zabaldu ostean hartu dute erabakia, lurraldeko urek markatzen duten 22 kilometroko distantziatik urrunago.
Agentziak | Erredakzioa
Mediterraneoan etorkinei laguntzen dieten gobernuz kanpoko erakunde (GKE) nagusiek, besteak beste, Mugarik Gabeko Medikuak eta Save the Children erakundeak, erreskate lanak bertan behera utzi dituzte. Libiako agintariek bilatze eta erreskate gune esklusiboa zabaldu ostean hartu dute erabakia, lurraldeko urek markatzen duten 22 kilometroko distantziatik urrunago.
Erabakia abuztuaren 10ean jakinarazi zuen Abdelhakim Bouhaliya komandanteak, Abu Sittako Libiako aire baseko arduradunak, Tripolin. “Libiak bilatze eta erreskate gune bat sortu du ofizialki, eta ezin izango du atzerriko ontzi batek ere sartu, Libiako agintariei horretarako baimena eskatu ezean”.
Ayub Qassem jeneralak, Libiako Marinako bozeramaileak, erabaki hori hartzeko arrazoiak argitu zituen; “esfortzu humanitarioa dela esanda, legez kanpoko immigrazioa bultzatzen duten GKEen” kontra da. “Libiaren subiranotasuna hausten duten pertsona guztiei eta herrialdeko Kostako eta Armadaren Guardiari errespetuz tratatzen ez dietenei mezu argi bat bidali nahi diegu”, azaldu zuen.
Ia 60.000 immigrante iritsi dira Italiara azken lau urteetan, gehienak legez kanpoko itsasontzietako mafien bitartez, Libiako kostatik. 13.000 pertsona baino gehiago hil dira Europara iristen saiatzen ari zirela, leku horretan.