Mundua -
LURRIKARA
Gutxienez 19 hildako eta 247 zauritu, Txinan izandako lurrikara batean
Sichuango Gobernuak jakinarazi du 30.000 turista baino gehiago ebakuatu dituztela eta beste 10.000 harrapatuta geratu direla inguru horretan, luizien eraginez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 19 pertsona hil eta 247 zauritu dira asteazken honetan, Txinako hego-mendebaldean dagoen Sichuan eskualdean izandako lurrikaran, hedabide ofizialek plazaratu dituzten datuen arabera. Hildakoen artean sei turista daude.
Txinako Lurrikara Agentziaren esanetan, seismoak 7 gradu harrapatu ditu; AEBko Geologia Zerbitzuak, aldiz, 6,5ekoa izan dela zabaldu du.
Txinako erakundeak larrialdi maila nagusia (1) jarri du martxan (lau maila ditu guztira), Jiuzhaigou haranean (UNESCOk gizateriaren ondare izendatu zuen 1992an) epizentroa izan duen lurrikara gertatu ostean. Gune hori zonalde menditsua da, ur-jauziengatik ezaguna den natura erreserba batetik gertu dago eta urtero turista andana bertaratzen dira. Bertako biztanle gehienak tibetar jatorrikoak dira.
Sichuango Gobernuak jakinarazi du orain arte 30.000 turista baino gehiago ebakuatu dituztela eta beste 10.000 harrapatuta geratu direla inguru horretan, lurrikarak eragindako luizi baten eraginez.
Lurrikarak kalte ugari eragin ditu. Argazkia: EiTB
Bestalde, Sichuango Suhiltzaileek adierazi dutenez, hainbat turista eskualde horretako hotel baten barruan harrapatuta geratu dira. Haatik, beste 2.800 turista onik atera ahal izan dituzte hotel beretik.
Larrialdi zerbitzuak, erreskate lanetan. Argazkia: EFE
Aipatutako lurrikaraz aparte, Txinako agintariek beste lurrikara baten berri eman dute. Bigarren kasu horretan, seismoa Xinjiang eskualdean gertatu da, herrialdearen ipar-ekialdean, aurreko lurrikara gertatu den lekutik 2.000 kilometrora.