Mundua -
Tentsio militarra
AEBk Guamen dituen baseei erasotzeko mehatxua egin du Ipar Koreak
Aurretik, Trumpek "munduan sekula ikusi ez den suz eta amorruz" erantzungo duela ohartarazi dio Ipar Koreari, eta bonbaketari gehiago bidali ditu penintsulara.
agentziak | erredakzioa
Ipar Koreak AEBk Guam uhartean dituen base militarrei erasotzeko mehatxua egin du, Donald Trumpek Piongiangi mehatxu egin eta Pentagonoak B-1B bonbaketari gehiago penintsulara bidali eta gero.
Ipar Korea "Guam inguruan Hwasong-12 misilekin su egiteko plana aztertzen ari da, Ameriketako Estatu Batuek uhartean dituzten base estrategiko nagusiak mendean hartzeko, baita Andersen Aire Basea ere (sic)", esan du Ipar Koreako Armadaren bozeramaile batek, KCNA albiste agentziak jaso duenez.
Andersen Aire Basean ahalmen nuklearra duten B-1B bonbaketariak gordetzen dituzte, eta atzo, asteartea, AEBk berriro bidali zituen Koreako penintsulara, Yonhap agentziaren arabera.
"Abuztuaren 8ko goizean, Guameko aireko piratak zeruan agertu dira berriz, Koreako hegoaldean, benetako gerran egiten diren maniobrak egiteko", gaineratu du Ipar Koreako bozeramaileak. Gainera, Guamdik edo Kaliforniatik gailu nuklearrak mugitzen hastea leporatu dio Washingtoni.
Ipar Korearen testuaren aurretik, Estatu Batuak mehatxatzen jarraituz gero, "munduan sekula ikusi ez den suz eta amorruz" erantzungo duela ohartarazi dio Trumpek Ipar Koreari.
Piongiangek etengabe egindako arma erakustaldiek eta Trumpen adierazpenek bi herrialdeen arteko tentsioa areagotu dute azken hilabeteotan. AEBn Ipar Koreari eraso egiteko aukeraz hitz egin ohi da.
Guam, prest
Eddie Calvo Guam uharteko gobernadoreak ziurtatu du Ipar Koreako mehatxuek ez dutela arriskurik ekarriko, Guam "edozein ezustekorako" prest baitago.
Calvoren arabera, uhartean herritarrak babesteko beharrezko baliabideak dituzte. "Guam lur estatubatuarra da, ez da soilik base militarra", azaldu du.