Mundua -
Bake prozesua Kolonbian
NBEren Misioari eraso diote Kolonbian, FARCen armak jasotzen ari zela
Taldea Caloto herrian (herrialdearen hego-mendebaldea) ari zen lanean segada egin diotenean. Polizia bat zauritu da.
Agentziak | Erredakzioa
Kolonbian FARCen armak jasotzen ari den NBEren Misioaren talde bati eraso egin diotela baieztatu du gaur nazioarteko erakundeak.
Taldea Caloto herrian (Cauca departamendua, hego-mendebaldea) ari zen lanean "segada" egin diotenean. Kideetako bat zauritu da erasoan, NBEren Misioak ohar labur baten bidez azaldu duenez, baina ez du beste zehaztasunik eman.
FARCenak ziren 7.000 armak 779 zulotan daude, eta horiek ateratzen eta suntsitzen ari da NBEren Misioa. Armak jasotzera joan baino lehen eremua segurua dela bermatzen dute nazioarteko erakundearen kideek. FARCeko kideak eta politikariak ari dira prozesu horretan parte hartzen.
Zauritutako kidea Caliko erietxe batera eraman dute. Ez da beste inor zauritu, eta zulotik ateratako armak toki segurura eraman dituzte.
NBEren Misioak izaera politikoa du, ez militarra. Horrenbestez, taldeetan egoten diren polizia eta militarrek ez dute armarik eramaten, baina NBEren txaleko urdinak dituzte soinean, argi eta garbi identifikatzeko.
2016ko azaroan Kolonbiako Gobernuak eta FARCek sinatutako bake akordioaren baitan dago gerrillaren armak zuloetatik ateratzeko prozesua.
ELNk ukatu egin du horrekin zerikusirik izatea
ELN Askapen Nazionalerako Armadak ukatu egin du eraso horrekin zerikusirik izatea. "ELN ez da NBEren Misioaren aurkako erasoaren egile", zabaldu dute Twitterren duten kontuan.