Mundua -

Krisialdia Venezuelan

Bi hildako eta hainbat atxilotu kuartel baten aurkako erasoan, Venezuelan

Militarrez jantzitako hogei bat lagunek bideo baten bidez aldarrikatu zuten 'Nicolas Maduroren tirania hiltzailearen aurkako' altxamendua.

Kuartelaren aurkako erasoaldia aldarrikatu zuten parte-hartzaileek bideo batean. Argazkia: EFE
Kuartelaren aurkako erasoaldia aldarrikatu zuten parte-hartzaileek bideo batean. Argazkia: EFE
Kuartelaren aurkako erasoaldia aldarrikatu zuten parte-hartzaileek bideo batean. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi hildako eta hamar bat atxilotu izan dira Venezuelan larunbatetik iganderako goizaldean, herrialdeko iparraldean dagoen Carabobo estatuko kuartel militar baten aurkako oldarraldian. Horren aurrean, Nicolas Maduro presidenteak herrialde osoko instalazio militarretan segurtasuna areagotzeko agindua eman du.

"Herrialdeko unitate militar guztien prebentzio eta segurtasun neurriak areagotzea agindu dut", esan du Madurok telebista publikoan igandero egiten duen programan.

"Duela aste bat botoekin irabazi genien, gaur balekin gailendu gatzaizkio terrorismoari", gaineratu du Madurok Valencia hiriko Paramacay gotorlekuaren aurkako erasoaren ostean egindako lehen agerraldian.

Militarrez jantzitako hogei bat lagunek bideo baten bidez aldarrikatu dute 'Nicolas Maduroren tirania hiltzailearen aurkako' altxamendua.

Erasotzaileen bozeramaileak "Juan Caguaripano kapitaina" dela esan du. Bideoan azaldu duenez, "David Carabobo da operazioaren komandantea", eta harekin bat datoz Indar Armatuko eta Poliziako tropa aktiboak zein erreserbakoak.

Bideoa: Madurok 'zigorrik handiena' eskatu du base militarreko erasotzaileentzat

 

Madurok 'zigorrik handiena' eskatu du base militarreko erasotzaileentzat
Madurok 'zigorrik handiena' eskatu du base militarreko erasotzaileentzat
Madurok 'zigorrik handiena' eskatu du base militarreko erasotzaileentzat

2:48

 

Iturri militarrek Efe agentziari jakinarazitakoaren arabera, erasotzaileetako batzuek ihes egitea lortu dute, ehun bat fusil eta granada-jaurtigailu hartuta.

Presidentearen esanetan, hildakoak eta atxilotutakoak bederatzi zibil eta "teniente desertore bat" dira, eta "beste teniente desertore bat" dago arma horiekin ihes egitea lortu dutenen artean.

Gertatutakoaren ostean, Indar Armatuek Madurorenganako eta bolibartar iraultzarekiko leialtasuna adierazi dute, eta, horien arabera, atxilotuek Venezuelako eskuin muturrak kontratatu dituela onartu dute. Horrela deitzen diete Maduroren aldekoek Venezuelako oposiziokoei.

Diosdado Cabello Asanblea Nazional Konstituziogileko biltzarkide nagusienetakoak "talde terrorista mertzenarioei" egotzi die gertatutakoa.

Paramacay gotorlekuaren erasoa Venezuelako Konstituzioa eraldatzeko asmoz Madurok bultzatutako Biltzar Konstituziogilea ezarri eta hiru egunera jazo da.

Batasun Demokratikoaren Mahaia (MUD) oposizioko koalizioarentzat, berriz, kuartel militarraren aurkako erasoaldiak argi utzi du bai Konstituziogileak bai Madurori egozten dizkioten gehiegikeriek eta kudeaketa txarrak "banaketa eta haustura" eragin dutela Indar Armatuetan.

Ildo beretik, Julio Borges Venezuelako Legebiltzarreko presidenteak altxamendua argitzeko eskatu dio Nicolas Maduroren Gobernuari, eta oposizioari inolako errurik ez egozteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaurko azken ordukoa Venezuela bideoak Nicolás Maduro