Mundua -
Bakea Kolonbian
FARCen armekin betetako lehen edukiontzia atera du NBEk
Santosen hitzetan, "mugarri garrantzitsua da FARCen armagabetze prozesuaren eta su-etenaren baitan". 10-15 egun beharko dituzte operazioa bukatzeko.
agentziak | erredakzioa
Nazio Batuen Erakundeak Kolonbian duen taldeak Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak (FARC) taldearen armekin betetako lehen edukiontzia atera dute gerrillariak dauden guneetatik, gerrilla legeztatzeko eta armagabetzeko prozesuaren baitan, esan du Jose Manuel Santos presidenteak.
"Gaur armekin betetako lehen edukiontzia irteten ari da", Kolonbiako presidenteak Bogotan parke naturalen inguruko topagune batean egindako hitzaldian esan duenez.
Santosen arabera, datozen 15 egunetan ikusi ahal izango dira armak edukiontzietan ateratzen, eta, horren ustez, hori "mugarri garrantzitsua da FARCen armagabetze prozesuaren eta su-etenaren baitan".
Ekainaren 27an, Kolonbiako presidenteak amaitutzat eman zuen FARCekin izan den gatazka, 50 urtetik gora iraun duena. Egun horretan egindako ekitaldian, gerrillak armagabetzea irudikatu zuen sinbolikoki.
Handik bi egunera, NBEk armak galdatu egingo zituela iragarri zuen Santosek. Horren zati batekin "hiru oroigarri" egingo dituzte, eta New Yorken, Habanan eta oraindik argitu gabe dagoen Kolonbiako leku batean ipiniko dituzte.
Policarpa (Nariño barrutia) eta Miranda (Cauca) udalerrietatik ateratzen hasi dira 26 gunetan bilduta dauden ia 7.000 gerrillarien armak.
Sergio Jaramillo NBEren taldeko ordezkariak azaldu duenez, lana "konplexua da, logistika aldetik", eta operazioa bukatzeko 10-15 egun beharko dituztela iragarri du.