Mundua -

I-11ren urteurrena

Jones apaizak ultimatuma jarri dio New Yorkeko imanari

Jones apaizarekin bilduko ez dela adierazi du imanak. Zero gunean eraiki nahi duten meskita buruzagi musulmanak tokiz aldatzea onartuko duela espero du apaiz protestanteak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

New Yorkeko zero gunean eraiki nahi duten zentro islamiarra lekualdatzeko bi orduko epea eman dio imanari Terry Jones Floridako apaiz protestanteak.

Bestalde, Floridako apaizarekin biltzeko borondaterik ez duela esan du Feisal Abdul Rauf imanak. Zero gunean eraiki nahi duten meskita buruzagi musulmanak tokiz aldatzea onartuko duela espero du Jonesek, eta horregatik Koraneko kopiak erretzeko mehatxua bertan behera utzi du momentuz.

"Bakea bilatzeko konpromisoa duen edonorekin biltzeko prest nago. Une honetan ez dago mota horretako bilerarik aurrikusita", esan du imanak komunikatu batean I-11ko bederatzigarren urteurrenaren bezperan.

Gainera, zentro islamiarra zero gunetik gertu eraikitzeko egitasmoa ez dela aldatu errepikatu du buruzagi musulmanak.

Iritzi publikoa nahasten eman ditu azken orduak Jonesek, izan ere, bihar larunbata Koranaren kopiak erreko dituen edo ez du argitu, nahiz eta nazioartean kritika ugari jaso.

Obama

Bestalde, tolerantzia erlijiosoaren aldeko mezua bota du Barack Obama AEBetako presidenteak, eta balio horiek "mantentzeko" dei egin die herritarrei, "Jainkoaren aurrean nazio bat garelako, nahiz eta Jainko horri izen ezberdina jarri", adierazi du.

"Beste erlijio baten testu sakratuak erretzeko ideia herrialde honek defendatzen dituen printzipioen aurka doa", Obamak Jones apaizaren mehatxuen inguruan esan duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea