Mundua -

% 41,53ko parte-hartzea

Venezuelak Konstituziogilea aukeratu du, 8 milioi boto baino gehiagorekin

8.089.320 pertsonak parte hartu dute bozketan. 10 lagun hil dira hauteskunde egunean. Madurok urte amaierako hauteskundeetara aurkezteko desafioa egin dio oposizioari.

Maduro, bozketaren emaitzak ezagutu eta gero egindakoa agerraldian. Argazkia: EFE
Maduro oso pozik, venezuelarren % 41ek bozkatu ostean

1:26

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelak aukeratu egin ditu Asanblea Konstituziogilea osatuko duten ordezkariak, Konstituzioa aldatu eta herrialdearentzat garrantzitsuak diren hainbat lege onartuko dituena. Azken asteetan, liskar handiak, protestak, kritikak eta istiluak izan dira Konstituziogilea dela eta.

19,5 milioi pertsona inguru erroldatuta zeuden bozketan parte hartzeko, eta horien % 41,53k bozkatu du, protestek eta heriotzek, bai oposatzaileen aldetik, baita chavisten aldetik ere, baldintzatutako egunean. Azken datuen arabera, 10 pertsona hil dira hauteskunde egunean.

Parte-hartze datuak Tibisay Lucena Hauteskunde Kontseilu Nazionalaren (CNE) presidenteak aurkeztu ditu, hauteslekuek beste ordubetez zabalik izan ostean.

"Ez dira gutxi izan gaurko zailtasunak", esan du Lucenak. Prozesuaren aurka "edonolako mehatxuak" izan  dira, salatu duenez, baina gainditu ahal izan dituzte eta, hori dela eta, balantze "oso positiboa" egin dute.

Hauteskunde Boterearen burua, gainera, pozik agertu da bozketa "baketsua, demokratikoa eta indarkeriarik gabekoa" izan delako, nahiz eta Fiskaltzak 10 pertsona hil direla konfirmatu duen. Heriotzok oposizioak deitutako protesta ekintzetan gertatu dira, nagusiki.

Lucenaren esanetan, hautesleek 22:00ak ingurura arte jo dute hauteslekuetara bozkatzera, manifestariek lokaletako asko erre edo apurtu eta, hortaz, leku berriak prestatu behar izan dituztelako.

Polizia talde baten aurka egindako erasoa, atzo, Caracasen. Argazkia: EFE

Polizia talde baten aurka egindako erasoa, atzo, Caracasen. Argazkia: EFE

Errektoreak gogorarazi duenez, asteartean komunitate indigenetako 8 ordezkari aukeratzea falta da. Bozketak kritikak jaso ditu "hauteskunde-errolda zatitzen" duela iritzita.

Bestalde, Venezuelako oposizioak ziurtatu duenez, Asanblea Konstituziogilea aukeratzeko bozketan % 88ko abstentzioa izan da.

"2,48 milioi venezuelar inguruk bozkatu dute, eskuartean ditugun datuen arabera, eta % 88ko abstentzioa izan da", adierazi du Henry Ramos Allup Asanblea Nazionaleko diputatuak, Facebooken argitaratutako bideo batean.

Konstituziogileak Konstituzioa aldatu eta egungo sistema juridikoa, besteak beste, aldatzeko helburua dauka eta, oposizioaren arabera, Venezuelan "diktadura egonkortzeko" saiakera da.

Kolonbia, Mexiko, Estatu Batuak, Espainia eta Europar Batasunak besteak beste, iragarri dute ez duela Asanblea Konstituziogilea aitortuko. Washingtonek, bere aldetik, aurreratu du zigorrak ere ezarriko dituela, Donald Trumpen Gobernuak demokraziaren aurkakotzat jotzen duen prozesuaren aurrean.

Madurok aurkezteko desafioa egin dio oposizioari

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak urte amaieran egitekoak diren hauteskundeetara aurkezteko desafioa egin dio Batasun Demokratikoaren Mahaian (MUD) bat eginda dagoen oposizioari.

"Desafioa egiten diot MUDi: indarkeria alde batera utzi, politikagintzara itzuli, erronka onartu eta hauteskundeetan neurtuko gara, ea nork irabazten duen", esan du presidenteak, zaleen Asanblea Nazional Konstituziogilearen bozketaren datuak ezagutarazi eta gero egindako agerraldi batean, horren jarraitzaileen aurrean.

"Halere, mahaian jesartzen bazarete egingo da, Egia eta Justiziaren Batzordearen mahaian parte hartzen ez baduzue, beste kuku batek joko du", esan du.

"Konstituziogilea heldu da, dena konpontzeko", Madurok gaineratu duenez. "Batzuek ziega batean bukatuko dute, beharrezko justiziaren agintepean", erantsi du.

Halaber, presidenteak Luisa Ortega Diaz Ministerio Publikoaren burua ere kritikatu du, eta Konstituzioa urratu eta herrialdea "Estatu polizial" bihurtzea egotzi dio. Gainera, bere esanetan, ez du esku hartu indarkeria izan denean, orain dela ia lau hilabete hasi ziren protestak hasi zirenetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaurko azken ordukoa Venezuela albisteak Nicolás Maduro gaur