Mundua -
Irailak 11ko atentatuak
Koran liburuak erretzeko proposamena 'lotsagarria' da, Clintonen ustez
Floridako herritarrei Koranak erretzeko deia egin die Terry Jones apaizak, Irailak 11ko atentatuak egin zituztenetik 9 urte igaro direnean.
Erredakzioa
Floridako apaiz batek Koran liburuak erretzeko egin duen proposamena "lotsagarria" dela adierazi du Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak. Larunbatean bederatzi urte beteko dira Irailak 11ko atentatuak egin zituztenetik. Urteurrena ospatzeko, Koran liburuak erretzera deitu ditu Floridako hiritarrak Terry Jones apaizak.
Jones Gainesville (Florida) herriko apaiza da, Dove World Outreach Center elizan. Larunbatera begira ekitaldi berezia prestatu du ehunka Koran erretzeko helburuarekin.
Proposamen honen aurrean entzun diren gaitzespen "argiak" nabarmendu ditu Hillary Clintonek, batez ere nazioarteko buruen eta beste erlijio batzuetako ordezkarienak. Clintonen ustez, ekitaldi "lotsagarria" litzateke.
"Gure nazioaren hastapenetatik, askatasun erlijiosoa defendatu dugu", esan du Clintonek.
Aldez aurretik, Philip Crowley Estatu Departamenduko bozeramaileak esan du "probokatzailea" dela irailaren 11ko atentatuak gogoratzeko Terry Jones apaizak proposatutakoa.
Eledunak gaineratu du espero duela jende "asko" agertzea proposamen horren aurka.
Barack Obama presidentea Pentagonoan egongo da (han eroriarazi zuten hegazkinetako bat), biktimen aldeko omenaldi batean, eta Joe Biden presidenteordea New Yorken, Zero Guneko ekitaldietan parte hartzeko.
Beren aldetik, Michelle Obama lehen dama eta Laura Bush lehen dama ohia Pensilvaniara joango dira, jomuga jo ez zuen hegazkin bakarreko bidaiariak omentzeko.