Mundua -
Brasil
9 urteko espetxe zigorra ezarri diote Lula da Silvari
Ustelkeria pasiboa eta dirua zuritza leporatu diote Brasilgo presidente ohiari, Petrobas auzian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidente ohiari 9 urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio lehen auzialdiko epaitegi batek, Petrobas petrolio-konpainiako ustelkeria sarean nahasita egotea egotzita.
Sergio Moro epaileak ustelkeria pasiboa eta dirua zuritza leporatu dio Da Silvari.
Agintari ohiak jasotako lehen kondena da, baina beste bost auzitan auzipetuta dago, gehienak Petrobas auziarekin lotuta.
Gaurko kasuan, eroskeriaren bidez 1,1 milioi dolar jaso izana egozten zion Fiskaltzak, OAS eta Petrobas konpainien arteko kontratuekin.
Kondena jaso arren, agintari ohia 2018ko hauteskundeetara aurkez daiteke oraindik. Zigorra irmo bihurtuko balitz, hori bai, ezin izango litzateke aurkeztu.
Une honetan, Lula politikari balioetsiena da inkestetan, eta oraindik ere ofizial egin ez badu ere, hainbatetan esan du berriz ere hauteskundeetara aurkezteko gogoak dituela.