Mundua -
Venezuelako krisia
Venezuelako Batzar Konstituziogilerako hautagaietako bat hil dute
Hainbat tiro emanda hil omen dute Jose Rivas. Carabobon, berriz, 16 urteko mutil bat hil da, oposizioak deitutako manifestazio batean parte hartzen ari zela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Venezuelan uztailaren 30ean egingo duten Batzar Konstituziogilerako hautagaietako bat hil dute, antza denez, tiroz. Jose Rivas zuen izena, eta Iparraldeko Maracay hirian mitin bat ematen ari zela hil dute.
El Nacional egunkariak zabaldutako informazioaren arabera, ikus-entzuleen artean zegoen pertsona batek tiro egin dio.
Jose Rivas sektore motorizatuko hautagai izan nahi zuen, eta Jose Leonardo Garcia Motorizatuen Fronteko presidentea zen.
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak Batzar Konstituziogilea deitu du, herrialdera bakea eramateko modu bakarra delako, haren esanetan. Venezuelako oposizioko koalizio nagusi den Batasun Demokratikorako Mahaiak (MUD) erreferenduma deitu du uztailaren 16rako, Konstituzio berri bat egiteko beharraz galdetzeko.
Bestalde, 16 urteko mutil bat hil da Carabobon, herrialdearen hego-ekialdean, oposizioak deitutako manifestazio batean parte hartzen ari zela. Oposizioaren arabera, Poliziak hil du, tiroz. Halaber, Guardia Nazionaleko zazpi kide zauritu dira Caracasen izandako leherketa batean.
Duela hiru hilabete protestak hasi zirenetik, 92 pertsona hil dira Venezuelan.