Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Trumpen semea abokatu errusiar batekin bildu zen, Clinton hizpide
'The New York Times' egunkariaren arabera, Hillary Clintoni kalte egingo zion informazioa lortzeko asmoz bildu zen Trumpen semea abokatu errusiarrarekin.
Agentziak | Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen seme nagusia, Donald Trump Jr., Kremlinekin lotura duen abokatu errusiar batekin bildu zen iaz, Hillary Clinton hautagai ohiari buruzko informazioa lortzeko asmoz, The New York Times egunkariak zabaldu duenez.
Etxe Zuriko hiru aholkularik eta beste bi lagunek izan zuten batzarraren berri. Donald Trumpen semea, suhia (Jared Kushner) eta Paul Manafort hauteskunde kanpainako zuzendaria joan ziren bilerara.
Batzarra 2016ko ekainaren 9an egin zuten Trump Dorrean, New Yorken, errepublikanoen presidentegaia Donald Trump izango zela iragarri eta gutxira.
Hillary Clinton demokraten hautagaiari kalte egingo liokeen informazioa eskuratzeko asmoz bildu ziren Natalia Veselnitskaya abokatu errusiarrarekin. Besteak beste, Clintonen alderdiak “Errusiarekin lotura” zuten pertsonen diru-laguntzak jaso zituela baieztatu nahi izan zuten.
Donald Trumpen semeak ohar bidez aitortu du bilera hori egin zela, baina zehaztu du abokatuak ez ziela Clintoni buruzko inolako informaziorik eman.
"Zalantzazko adierazpenak egin zituen, adierazpen zentzugabeak ziren. Esaten ari zena baieztatzeko daturik edo informaziorik ez zuen eman. Laster konturatu ginen ez zuela informazio garrantzitsurik", dio oharrean Hillary Clintoni aipurik egin gabe.
Trumpen esanetan, elkarrizketa hura AEBn adoptatuta bizi diren ume errusiarrei buruz hitz egiteko baliatu zuen abokatuak.
"Konbentzituta nago bere asmoa hori izan zela hasieratik eta bestea bilera egiteko aitzakia baino ez zela izan", erantsi du.
The New York Times-en arabera, Natalia Veselnitskaya ezaguna da giza eskubideak urratzen zituen lege estatubatuar baten kontra egindako lanagatik. Errepresalia moduan, AEBko familiek haur errusiarrak adoptatu ahal izatea galarazi zuen Vladimir Putinek.