Mundua -

Acapulco

28 preso hil dira Mexikoko kartzela batean izan den liskarrean

Segurtasun handiko moduluan hasi omen da borroka, "kartzelako aurkako taldeen artean dagoen etengabeko norgehiagokagatik", azaldu dutenez.

Acapulcoko kartzela. Argazkia: EFE
Acapulcoko kartzela. Argazkia: EFE
Acapulcoko kartzela. Argazkia: EFE

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

28 preso hil dira eta beste hiru zauritu Acapulcoko (Mexiko, Guerrero estatua) kartzela batean bi talderen artean izan den liskarrean, iturri ofizialen arabera.

Roberto Alvarez segurtasun bozeramaileak adierazi duenez, goizaldean segurtasun handiko moduluko presoen artean izan den liskarrak "28 hildako eta hiru zauritu" utzi ditu. Zaurituak ez daude larri.

"Gorpuak segurtasun moduluko lehen blokeko korridorean jaso dira, sukaldearen kanpoan zein barruan", esan du Alvarezek.

Era berean, hirugarren blokeko patioan eta senar-emazteen bisiten gunean ere topatu dituzte hilotzak, Alvarez Herediaren esanetan. Azaldu duenez, kartzelako aurkako taldeen artean dagoen etengabeko norgehiagokagatik" hasi omen da borroka odoltsua.

Aipatutako bozeramalearen hitzetan, liskarraren berri izan ostean, 04:00ak aldera (hango ordua), Hector Astudillo Guerrero estatuko gobernatzaileak operatiboa abiarazi du espetxearen egoera bideratzeko.

Estatuko agenteek zentroko "gune eta modulu guztiak hartu zituzten kontrolpean", eta, Polizia Federalaren eta Defentsa Nazionalaren Idazkaritzaren laguntzarekin, presondegiko ingurua ere hartu dute.

"Operatiboak jarraitzen du une honetan, moduluak aztertzen ari dira", bozeramailearen arabera. Gainera, Fiskaltza gorpuen altxatzea bukatzen ari da eta, ondoren, Acapulcoko Auzitegiko Medikuen Zerbitzura eramango dituzte.

Azken 8 urteetan, 347 preso hil dira Mexikoko kartzeletan izan diren liskarretan. Azken hamar urteetako larriena 2016ko otsailaren 11an izan zen. horretan, 60 preso hil ziren Topo Chico kartzelan, Monterreyn (iparraldean).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Presoak albisteak Mexiko albisteak Eguneko albisteak