Mundua -

Venezuela

Talde chavistak indarrez sartu dira Venezuelako Parlamentuan

Independentziaren Eguna ospatzen ari zirela Asanblada Nazionalean,  talde chavistak Palamentuaren kanpo aldean kontzentratu dira.

Argazkia: EFE.
Argazkia: EFE.
Talde chavistak Venezuelako Asanblada Nazionalean sartu dira

3:55

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernuaren jarraitzaileen talde bat indarrez sartu da gaur eguerdian Venezuelako Parlamentuan. Bertan, oposizioaren gehiengoak osatzen duen taldea herrialdearen Independentzia Eguna ospatzeko sesioan zegoen.

Hainbat diputatu zauritu dituzte, oposizioko kideek jakinarazi dutenaren arabera. José Manuel Olivaresek "talde paramilitarrak" Venezuelako Parlamentuan sartu direla idatzi du Twitterren, eta Armando Armas diputatuaren bi argazki publikatu ditu. Irudietan, Armasek odolez bustita ditu burua eta kamiseta.

‘El Nacional’ egunkariaren informazioaren arabera, bost zauritu daude, gutxienez. Horien artean Armando Armas, Juan Guaidó eta Americo de Grazia diputatuak daude. Azken hau urgentziaz artatu behar izan dute, buruan zuen kolpeagatik. Egunkariak argitaratu duenez, leherketak egon dira hemizikloan.

Azkenean, Asanblean indarrez sartu den taldea kanporatua izan da.

Parlamentuak (oposizioaren esku dago) jakinarazi zuenez, "Gobernuaren aldeko talde armatuek" 120 langile, 108 kazetari eta 94 diputatu "bahitu" zituzten. Hango 08:00etan heldu omen ziren (14:00etan, gurean).

Tokiko kazetari batek Eferi azaldu zionez, eraikinetik alde egin zutenean chavismoarekin lotu zituzten hainbat pertsonek jazarri zuten, bai bera, baita beste kide batzuk ere, iraindu eta pistolekin mehatxu egiten zieten bitartean.

Gobernuaren aldeko manifestarietako bat, kanporatu dutenean. Argazkia: EFE

Madurok gaitzetsi egin du gertatutakoa

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak gaitzetsi egin du gertatutakoa eta hura ikertzeko eskatu du.

"Erabat gaitzesten ditut gertakizun hauek. Ez naiz inolako indarkeriaren konplize izango. Gaitzetsi egiten du eta ikerketa abiatzea agindu du, justizia egiteko", adierazi du estatuburuak, Independentziaren Eguna ospatzeko Caracasen egindako desfile militar batean.

"Bakea, bakea nahi dut Venezuelarentzat. Ez dut inoren indarkeria onartzen. Iker dadila egia ezagutzeko", nabarmendu du.

Oposizioko diputatu bat, zaurituta. Argazkia: EFE

Fiskaltzaren eta Defendatzailearen ikerketa

Testuinguru honetan, Ministerio Publikoak iragarri du ikerketa abiatuko dutela erasoaren nondik norakoak ezagutzeko, eta Tarek William Saab defendatzaileak gertatutakoa argitzea eskatu du.

Ministerio Publikoak Twiterren jakinarazi duenez, 106. Fiskaltzak egingo du ikerketa.

Bere aldetik, Saabek esan du "ikerketa sakona" egiteko deia egin diela agintariei, "erantzukizunak zehazteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioarteko albisteak Venezuela bideoak Nicolás Maduro gaur