Mundua -
Frantzia
Macronek diputatuen eta senatarien kopuruaren herena murriztea proposatu du
Gainera, Gobernuko kideen lana epaitzeaz arduratzen den Errepublikako Justizia Gortea ezabatzeko proposamena egin du Emmanuel Macronek.
Agentziak | Erredakzioa
Emmanuel Macronek Parlamentuko ezohiko saio batean adierazi duenez, instituzioak “aldatu” nahi ditu, besteak beste, senatarien eta diputatuen kopuruaren herena murriztuz.
Frantziako presidenteak “ugaritze legegilearekin bukatzeko” beharra dagoela adierazi du. Aipatutako murrizketa eginez gero, Parlamentuaren egitekoa jada existitzen diren lege garrantzitsuak aztertzera eta kontrolatzera mugatuko da, testu berriak sortzera beharrean.
Macronen ustez, “jende gutxiago egonda, baina baliabideak indartuz gero, Parlamentuko lana arinagoa izango da (…) eta hobeto funtzionatuko du”. Egun, Asanblada Nazionalean 577 diputatu daude, eta 348 senatari.
Bestelako neurriak
Ezohiko saioan aipatutako neurrien artean, Gobernuko kideen lana epaitzeaz arduratzen den Errepublikako Justizia Gortea ezabatzeko proposamena egin du Macronek.
Frantziako larrialdi-egoerari dagokionez, udazkenera arte bere horretan jarraituko duela adierazi du Macronek. Udazkenetik aurrera, “lege antiterrorista indartua” sortzeko ahaleginak egingo ditu Macronen gobernuak, “epailearen kontrolpean”.