Mundua -
Eskoziako erreferenduma
Eskoziak ez du erreferendumik deituko, 'Brexit'aren prozesua amaitu arte
Nicola Sturgeonek esan du datozen hileetan Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko negoziazioan eragitea izango dela bere helburu nagusia.
Agentziak | Erredakzioa
Nicola Sturgeon Eskoziako ministro printzipalak iragarri du bigarren erreferenduma deitzeko egitasmoa behin-behinean bertan behera utziko duela, 'Brexit'a gauzatu bitartean.
Edinburgoko Parlamentuan egindako agerraldian, Sturgeonek azpimarratu du Eskozian bigarren erreferenduma deitzeko konpromisoari eusten diola, baina galdeketa deitzeko izapideak "berehala" abiaraziko ez dituela zehaztu du.
Eskoziako Alderdi Nazionalistaren buruzagiak esan du Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko negoziazioan eragitea izango dela bere helburua datozen hileetan, "Eskoziarentzat onena lortzeko asmoz".
Joan den martxoan jakinarazi zuenez, 2018ko udazkena eta 2019ko udaberria bitartean deitu behar zuen bigarren erreferenduma Eskoziako Gobernuak, baina, orain, galdeketa atzeratzea erabaki dute.