Mundua -

Armagabetzea

FARCek armak utzi eta politikari ekin dio

Santosek azpimarratu du "armak hitzekin ordezkatu" direla gaur, eta sekula ahaztuko ez duten eguna izango dela.

Timochenko eta Santos, gaurko ekitaldian. Argazkia: Efe
Timochenko eta Santos, gaurko ekitaldian. Argazkia: Efe
Timochenko eta Santos, gaurko ekitaldian. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodrigo Londoño 'Timochenko' FARCen buruzagiak esan du gerrilla aro berri batean sartu dela, legalitatean, mende erdiz Kolonbiako Estatuaren aurka erabili dituzten armak atzean utzita.

"Agur armei, agur gerrari, ongi etorri bakeari", adierazi du 'Timochenko'k Mesetas herrian egindako ekitaldian, txalo zaparrada handi bat jaso eta tximeleta horiak, Gabriel Garcia Marquezek aipatzen zituenak, askatu aurretik.

Juan Manuel Santosen Kolonbiako Gobernuarekin 2016ko azaroan sinatu zuten bake akordioaren ondorioz hartu du FARCek erabakia.

"Gaurkoan ez da FARCen existentzia amaituko; 53 urteko altxamendu armatuari amaiera eman diogu, baina bide legalean, armarik gabe eta modu baketsuan, ekinbide politikoa, ideologikoa eta propagandistikoa aurrera eramango duen mugimendua izaten jarraituko dugu", azpimarratu du.

Gogorarazi duenez, "bide legalak itxi zituztelako" hasi zen gerra, eta "bakeak esan nahi du parte-hartze politikoa guztiei irekia" izango dela.

Dena dela, gaitzetsi egin du "amnistia edo indultu legea kaleratzeko sei hilabete falta direnean gerrillari, miliziano, jarraitzaile eta akusatu asko" preso egotea oraindik.

Santosek gatazka politikoa itxi du

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak, bere aldetik, itxitzat eman du FARCekin mende erditik gora izan duten gatazka armatua.

"Gaur, ekainak 27, niretzat eta Kolonbiako gehiengo zabalarentzat, oso egun berezia da, sekula ahaztuko ez dugun eguna, armek hitzei tokia utzi zien eguna!", adierazi du.

Gaineratu duenez, FARCen armagabetzea "Kolonbiak azken 50 urteetan izan duen albiste onena da".

Estatuburuak gogorarazi du "bost hamarkadatik gora iraun duen gerra zentzugabea" izateaz gain, zortzi milioi biktima utzi dituela, tartean "220.000 herrikide hilda".

NBEk armak jaso ditu

Azkenik, Jean Arnault Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Kolonbian duen Misioko buruak esan du FARCek modu "zintzoan" bete duela armak uzteko konpromisoa.

"Misioak egiaztatu du jasotako armak oso erabilgarriak direla", adierazi du NBEren arduradunak, borrokalari bakoitzeko munduko beste gatazka armatuetan baino arma gehiago entregatu dituztela azpimarratu aurretik.

Arnaulten esanetan, "2016ko abuztuan adostutako su-etena bi aldeek errespetatu dute" eta bake prozesuaren arauak bete egin dituzte "salbuespen gutxirekin".

Arnaultek esan du 700 bat armak gerrilarien esku jarraitzen dutela, kanpalekuetako segurtasuna bermatzeko, gehienez abuztuaren 1era arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 NBE albisteak Eguneko albisteak Zer gertatu da Kolonbian?