Mundua -
AEBen misioaren amaiera
Maliki, Irakeko lehen ministroa: 'Irak subirano eta independentea da'
Iraken Askatasuna Operazioaren amaiera ospatzeko egin ditu adierazpenak Maliki lehen ministroak. 2003an hasitako operazioa amaitu egingo zuela hitzeman zuen Obamak, presidentziarako hautagaia zenean
Erredakzioa
&' || 'nbsp;Nuri al Maliki Irakeko lehen ministroak herrialdea "subirano eta independentea" dela adierazi du gaur, asteartea, AEBk konbate misioak amaitutzat eman dituen egunean.
"Irakiarrak, festa nacional berriarekin hitzordua daukazue, zuen herriaren subiranotasuna berreskuratu eta etorkizuna zuen eskuetan duzue. Irak subirano eta independentea da gaur", esan du Malikik hiritarrei zuzendutako hitzaldian.
Konbateen amaierak ez du, hala ere, AEBko tropak Iraketik aterako, momentuz behintzat. Soldadu batzuk bertan jarraituko dute aholkulari eta trebatze lanetan. Behin betiko erretiratzea 2011rako aurrikusita dago.
Gaur emandako aurrera pausoarekin, Obamak Presidentziarako azken hauteskundeetan emandako hitza bete du, ozta-ozta bada ere: Irakeko misioarekin amaitzea.
AEBtako tropak 2003ko martxoaren 20an sartu ziren Iraken, George W. Bush presidentearen agindupean, eta Iraken Askatasuna Operazioa lelopean. "Suntsipen handiko arma" ospetsuen bilaketak emaitzarik ematen ez zuen bitartean, hildakoen kopuruak gora egiten zuen etengabe, herritarrek hasieran zuten gerraren aldeko oniritzia aldatuz.
Ordutik hona, "Irakeko sarraskiarekin amaitzeko" eskaerak etengabe entzun dira. Hori ikusita, 2010eko abuzturako gerrarekin amaitzeko hitza eman zuen Obamak, presidente izendatua izan ezkero. Hitza, epe horren azken egunean bete du.