Mundua -

Frantzia

Manuel Vallsek Frantziako Alderdi Sozialista utzi du

37 urteko militantziaren ondoren, alderdia uztea erabaki du. Asanblea Nazionalean bat egingo du Emmanuel Macron presidentearen gehiengoarekin.

Manuel Valls Frantziako lehen ministro ohia. Argazkia: EFE
Manuel Valls Frantziako lehen ministro ohia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manuel Valls Frantziako lehen ministro ohiak gaur iragarri duenez, 37 urteko militantziaren ondoren Alderdi Sozialista utziko du. Hilaren 18ko hauteskunde legegileetan Asanblea Nazionalean eserlekua eskuratu zuen, eta Emmanuel Macron presidentearen gehiengoarekin bat egingo du.

RTL irrati kateari eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, aurrera begira jarri da: "Koherentziaz, (Macronen) gehiengo honen erdian egon nahi dut. Nire bizitza politikoaren zati bat amaitu da". "Alderdi Sozialista utzi dut edo Alderdi Sozialistak utzi nau ni", gaineratu du.

Asanblea Nazionalean non kokatuko den galdetuta, Macronen "gehiengoan" kokatuko dela eta Edouard Philippe lehen ministroaren konfiantza mozioan aldeko botoa emango duela erantzun du.

Errepublika Martxan alderdiaren taldean sartzeko aukera badela azaldu du, eta ez du baztertu ezkerreko erradikalen taldearekin bat egitea, betiere, presidentearen aldeko gehiengoaren parte badira.

Vallsek Alderdi Sozialistaren hauteskunde primarioetan parte hartu zuen, eta lehen ministro izateari utzi zion horretarako. Hala ere, Benoît Hamon nagusitu zen Alderdi Sozialistaren barne hauteskundeetan. Presidentetzarako hauteskundeetan, baina, emaitza txarrak lortu zituen; izan ere, botoen % 6,20 eskuratuta, ez zuen bigarren itzulira igarotzea lortu.

Bi aste geroago, hauteskunde legegileetara Macronen Errepublika Martxan alderdiaren baitan aurkezteko asmoa zuela iragarri zuen. 2002az geroztik Paris kanpoaldeko Evry barrutiko ordezkaria da Asanblea Nazionalean, eta hilaren 18ko hauteskundeetan bere aulkiari eutsi zion.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Frantzia berriak Manuel Valls argazkiak Albisteak Frantziako hauteskundeak