Mundua -

Kolonbia

FARCen arma guztiak Nazio Batuen Erakundearen esku daude dagoeneko

Kolonbiako Gobernuak eta FARCek ekitaldi sinbolikoa egingo dute astearte honetan gerrillak arma guztiak entregatu dituela irudikatzeko, eta alderdi politiko bihurtzeko prozesuari hasiera emateko.

FARC. Argazkia: EiTB
FARC. Argazkia: EiTB
FARC. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Kolonbian duen misioak iragarri du dagoeneko bere esku dituela FARCen 7.132 arma indibidualak, gerrilla armagabetzeko prozesua behin betiko amaituko den egunaren bezperan.

"Gaur egun, misioak FARCen arma indibidual guztiak biltegiratu ditu (7.132 arma, FARCen 26 kanpaleku 2017ko abuztuaren 1era arte zaintzeko erabiliko dituztenak ez beste guztiak), bide orriak zehaztutakoaren arabera", gaineratu du erakundeak prentsa-ohar batean.

Kolonbiako Gobernuak eta FARCek ekitaldi sinbolikoa egingo dute astearte honetan gerrillak arma guztiak entregatu dituela irudikatzeko, eta alderdi politiko bihurtzeko prozesuari hasiera emateko.

NBEren arabera, maiatzaren 29an onartutako bide orrian zehaztuta zegoenez, ekainaren 20an armagabetzearen hirugarren fasea hasi zen. Organizazioaren kideak 26 esparrutan bilduta daude otsailaren 26az geroztik, trantsizioa egiteko.

Prozesua hiru fasetan egin da: lehenengoan, armen % 30 entregatu zuten; gero, beste % 30; eta azkenean, gainerako % 40a. Horrekin, NBEk bukatutzat eman du armagabetzeko prozesua.

FARCek gogorarazi duenez, "NBEren Kolonbiako Ordezkariak 26 esparruetan gorde ditu armak", ondoren suntsitzeko.

FARCen kideen esku dauden arma bakarrak haien segurtasunerako behar dituzte, bilduta dauden aipatutako 26 esparruetan.

Bide orriaren arabera, abuztuaren 1erako NBEk 16 esparruetako edukiontzietan gordetako armak aterako ditu, suntsitzeko, eta FARCeko gerrillariek eta buruek egun horretan emango dituzte azken armak.

"Ordurako, NBEren taldeak kanpalekuetan dauden armak jaso eta bilduko ditu, eta kanpaleku horiek gerrillariak trebatu eta berriro hasten laguntzeko esparru bihurtuko dituzte", oharraren arabera.

Gainera, FARCen 900 ezkutaleku baino gehiago desaktibatu behar dituzte oraindik. Horietan, armak, munizioa eta lehergaiak dituzte, eta NBEk hartuko ditu bere gain, irailaren 1a baino lehen.

"Kolonbia berria"

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak eskerrak eman dizkio NBEren taldeari, armagabetze prozesuan egindako "lanagatik eta babesagatik".

"Armagabetzea bakerantz abiatzen den Kolonbia berri baten hasiera da", esan du Kolonbiako presidenteak Twitterren argitaratutako mezu batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 NBE Eguneko albisteak Kolonbiako albisteak gaur