Mundua -

Balantzea

Lapurretak egiten dituzten atzerritarrak erbesteratuko ditu Frantziak

Frantziako Gobernuaren arabera, errumaniarrek egindako delituzko ekintzek % 259 egin dute gora Parisen urte eta erdian. Produktu frantsesei boikota egitea eskatu dute Errumaniako ijitoen erakundeek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru hilabeteko epean, legez kanpoko kanpamenduen erdiak suntsitzeko konpromisoa hartu zuen Sarkozyk uztailaren 28an. Eric Bresson Inmigrazio ministroak gaur jakinarazi duenez, behin eta berriz lapurretak egiten dituzten edo eskean ibiltzen diren atzerritarrak erbesteratu ahal izateko zuzenketak egingo ditu Frantziako Gobernuak inmigrazio-legean.

128 kanpamendu itxi eta errumaniar eta bulgariar jatorriko 977 ijito erbesteratu ditu Frantziak azken hilabetean, Brice Hortefeux Barne ministroak aditzera eman duenez.

"Indarrean dauden legeak bete besterik ez dugu egiten", adierazi du Barne ministroak eta, "legezkoak eta beharrezkoak direnez", kanporaketak egiten jarraituko dutela azpimarratu du.

Hortefeuxek argi utzi du ez dituztela ijitoak erbesteratzen ijito izateagatik, eta kontua ez dela "errealitateari begiak ixtea", adierazi du.

Ministroak adibide gisa esan duenez, errumaniarrek egindako delituzko ekintzek % 259 egin dute gora Parisen azken urte eta erdian.

Produktu frantsesei boikota

Errumaniako ijitoen erakundeek produktu eta zerbitzu frantsesei boikota egitea eskatu dute, eta nazioarteko protesta deitu dute irailaren 6rako. Egun horretan, atzerritarren kanporaketei buruz hitz egiteko goi-bilera hasiko dute Frantzian.

Boikot horrekin, "oinarrizko eskubideekin ez da negoziatzen" esan nahi diete Pariseko agintariei, ohar baten bidez Errumaniako Ijitoen Aliantza Zibikoak adierazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea