Mundua -

Frantzia

Defentsa ministroak Macronen gobernua utzi du

Sylvie Goulard eta MoDem alderdia ikerketapean jarri ditu Fiskaltzak. Lurralde Kohesiorako ministroak ere dimisioa eman zuen orain gutxi.

Goulard, Defentsa ministro gisa egindako ekitaldi batean. EFE
Sylvie Goulard. EFE
Goulard, Defentsa ministro gisa egindako ekitaldi batean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sylvie Goulard Frantziako Defentsa ministroak adierazi du ez duela Emmanuel Macronen gobernuan jarraituko. MoDem bere alderdiaren kontrako ikerketa abiatu du Fiskaltzak, Europako Parlamentuko kide zenean egindako kontratazioetan irregulartasunak atzematean.

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak asteazken gaua baino lehen iragarri beharko du azken egunetako hutsuneak nola beteko dituen. Izan ere, gobernuan izandako bigarren dimisioa da Goulardena. Richard Ferrand Lurralde Kohesiorako ministroaren kontrako ikerketa iragarri zuen hilabete hasieran Fiskaltzak, nepotismoa egotzita. Atzo eman zuen dimisioa Ferrandek, baina Frantziako Behe Ganberako Martxan! talde parlamentarioko presidente izango da aurrerantzean.

Goulardek errugabea dela esan du gaur komunikabideei bidalitako ohar batean, eta bere jokaera zuzena izan zela frogatuko duela. "Fiskaltzak abiatutako ikerketaren aurrean, nire jokabidea libreki defendatzeko moduan egon nahi dut, fede onez jokatu nuen", nabarmendu du.

Defentsa ministroaren hitzetan, "gure armadak merezi duen ohoreagatik" eman du dimisioa.

Ekainaren 9an abiatu zuen Parisko Fiskaltzak MoDem alderdiaren kontrako ikerketa. Alderdi honek Macron babestu du hauteskundeetan eta Francois Bayrou Justizia ministroa du buru. Europar Batasuneko Parlamentuko dirua erakundeko lanak egiteko barik, Modem alderdiko lanetarako erabiltzea leporatu diote alderdiari eta Goulardi berari, kolaboratzaile ohi batek egindako salaketa tarteko.

Gauza bera egotzi diote Fronte Nazionalari eta Marine Le Pen artean eurodiputatua zenari ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Frantzia bideoak Albisteak Emmanuel Macron