Mundua -

Paris

Eliseoko Zelaietako terrorista frantziarra zen eta fitxatuta zegoen

Gizonak fusil bat, bi pistola, munizioa eta gas bonbona bat zeraman atentatua egiteko erabili zuen autoan.

Erasotzaileak armen baimena zeukan

1:17

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segurtasun indarrek atzo Eliseoko Zelaietan (Paris) Jendarmeriaren auto baten aurka bere autoarekin talka egin zuen gizonaren etxea miatu dute bart.

Gizonak Adam D. du izena (agiriak auto barruan zeuden), RTL irratiaren arabera, eta frantziarra zen, 30 bat urte eta fitxatuta zegoen muturreko islamista omen zelako, baina ez zuten nahikoa zantzu bildu atxiloketa justifikatzeko, eta ez zuen zigorrik jaso horregatik.

Barne Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusia orain dela 2 urte hasi zen gizona ikertzen, besteak beste, 2015eko otsailean Turkiara egindako bidaia bat dela eta.

Gurasoen etxean bizi zen, Europe 1 irratiak zabaldu duenez, Plessis-Pâté udalerrian, Essonne departamentuan, Parisko inguruetan. Atzo azken orduan, poliziek etxea miatu zuten.

Parisko Fiskaltzak ikerketa terrorista bat ireki zuen, gertatutakoa argitzeko. 16:00ak aldera, bere autoarekin talka egin zuen Eliseoko Zelaietan zegoen jendarmeen furgoneta baten aurka.

Bere autoa sutan zegoen eta, nahiz eta agenteek berehala atera zuten, handik gutxira hil zen.

Autoaren barruan Kalashnikov fusil bat, bi pistola, munizioa eta gas bonbona bat topatu zuten, France Inforen esanetan.

Lehen ikerketaren arabera, bere asmoa leherketa eragitea izan zen, autoarekin jendarmeen aurka eginda, baina planak okertu zitzaizkion.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Paris azken ordukoa Frantzia argazkiak Atentatuak Eguneko albisteak