Mundua -
Europar Batasuna
Londresekin 'Brexit'a negoziatzeko baldintzak ezarri ditu EBk
Europar Batasuneko eta Erresuma Batuko talde negoziatzaileak lau astean behin bilduko dira datozen lau hilabeteotan.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasuneko eta Erresuma Batuko talde negoziatzaileak lau astean behin bilduko dira datozen lau hilabeteotan, 'Brexit'a nola gauzatuko den adosteko. Herritarren eskubideak edota Erresuma Batua Europar Batasunetik izango duen kostu ekonomikoa dira eztabaidagai nagusiak.
Bi aldeen arteko negoziazioaren baldintzak zeintzuk izango diren Europar Batasunak erabaki du.
"Premiazko gaiak argituko ditugu lehendabizi, 'Brexit'ak eragin duen ezinegonarekin amaitzeko; Erresuma Batuaren irteera modu ordenatuan egingo dela bermatu nahi dugu", azpimarratu du Michel Barnier Europar Batasunaren negoziatzaileak.
"Erresuma Batuko nahiz Europar Batasuneko herritarrak orain arte bezala bizi ahalko direla adostu behar dugu; kontuak argitu behar ditugu eta gure konpromiso finantzarioak bete; eta Ostiral Santuko Akordioak babesteko bermeak bilatu behar ditugu", azaldu du.
Barnierren ondoan David Davis izan da, Erresuma Batuaren talde negoziatzaileko kidea. Davisek nabarmendu du hainbat puntutan bi aldeak bat datozela egiaztatu dutela, hala nola, herritarren eskubideei lotutako gaietan, eta, ondorioz, akordioetara “ahalik eta azkarren” iristeko itxaropena agertu du.
Horrez gain, iragarri du Theresa May lehen ministroak aste honetako goi-bileran emango diela Europar Batasuneko kideei Erresuma Batuaren jarreraren berri eta datorren astelehenean argitaratuko dituela xehetasun guztiak dokumentu batean.
Lehendabiziko bilera politikoa gaur egin dute bi aldeek, Europako Batzordean egoitzan, Bruselan. Datozen bilerak uztailaren 17an, abuztuaren 28an, irailaren 18an eta urriaren 9an izango dira.
Ingelesa eta frantsesa izango dira elkarrizketetan erabiliko dituzten hizkuntzak eta negoziazioaren berri emateko adierazpen publikoak adostu egingo dituzte.