Mundua -
Hauteskundeak Frantziak
Macronen alderdiek gehiengo absolutua lortu dute, inkesten arabera
Asanblea Nazionaleko 577 aulkietatik 350etik gora irabazi dituzte Errepublika Martxan eta MoDem alderdiek, hauteslekuetan egindako inkesten arabera. Bigarren itzuli honetan abstentzio handia izan da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hauteslekuetan egindako inkestei erreparatuta, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak babestutako alderdiak (Errepublika Martxan eta MoDem) garaile atera dira Frantziako hauteskunde legegileen bigarren itzulia.
Asanblea Nazionaleko 577 aulkietatik 350 baino gehiago izango dituzte bi alderdi horiek, gehiengo absolutua eskuratuta.
Errepublikanoek eta euren aldekoek 128 aulki lortu dituzte; Alderdi Sozialista, ordea, hirugarrena da, 49 aulkiekin. Frantzia Intsumisoak eta Alderdi Komunistak 18 aulki eskuratu dituzte; eta, azkenik, Fronte Nazionalak, zortzi.
Abstentzioa bigarren itzuliaren protagonista bihurtu da, 1958az geroztik izandako altuena izan baita, % 54-56 ingurukoa, hain zuzen ere.
Le Pen Asanblea Nazionalean sartu da
Marine Le Pen ultraeskuindarra hautatua izan da bere barrutian, eta Asanblea Nazionalean sartuko da lehen aldiz. Le Penek iragarri duenez, Fronte Nazionalak gutxienez sei diputatu lortu ditu Asanblea Nazionalean.
Marine Le Pen, Fronte Nazionaleko burua. Argazkia: EFE
Erreakzioak
Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak esan duenez, Emmanuel Macron presidenteak iragarritako erreformak babesten dituzte Errepublika Martxan bere alderdiak gaurko hauteskundeetan lortutako emaitzek.
Dimisioak
Bestalde, Jean-Christophe Cambadelis Frantziako Alderdi Sozialistaren lehen idazkariak bere dimisioa aurkeztu du presidente- eta legegile-hauteskundeetan sozialistek lortutako emaitza txarren ondorioz.