Mundua -
Frantzia
Oposizioak ahalik eta ordezkari gehien lortu nahi ditu bigarren itzulian
Dena dela, parte hartzea txikia izatea espero da. Lehen itzuliko emaitzak errepikatuko balira, gehiengo osoa lortuko luke Macronen alderdiak.
Agentziak | Erredakzioa
Frantsesek hauteskunde legegileen bigarren itzulian bozkatuko dute igande honetan, Frantziako Asanblea Nazionala osatuko duten ordezkariak aukeratzeko. Ekainaren 11an egindako lehen itzulian Emmanuel Macronen aldeko Errepublika Martxan-Mugimendu Demokratikoa koalizioa izan zen garaile, botoen herena lortuta. Gauzak horrela, Macronen alderdiak erraz irabaziko duela diote inkesta gehienek, eta lehengoko emaitzak errepikatuko balira, gehiengo osoa lortuko luke (ganberaren bi heren). Arrazoi horregatik, oposizioak ahalik eta ordezkari gehien eskuratu nahi ditu bihar. Dena dela, parte hartzea txikia izatea espero da.
Ekainaren 11an, botoen % 32,32 jaso zituen Macronen alderdiak. Frantziako Asanblea Nazionala 577 ordezkarik osatzen dute, eta, inkesten arabera, Errepublika Martxanek 440 eta 470 eserleku bitartean lortu ditzake bigarren itzulian. Ondorioz, oposizioak ehun bat ordezkari besterik ez lituzke lortuko.
Hala izango balitz, hauteskunde-kanpainan zehar egindako proposamenak arazorik gabe onartzeko aukera izango luke Macronek, oposizioak ez lukeelako ekimen horiek atzera botatzeko behar besteko indarrik lortuko. Inkestek iragarritako emaitzen aurrean, ezkerreko eta eskuineko alderdiak kezkatuta agertu dira.
Zalantza bakarra gelditzen da airean; ea Edouard Philipperen Gobernua osatzen duten sei ministroek ordezkari bat lortzen duten bigarren itzulian. Izan ere, eserlekurik lortu ezean Gobernua utzi beharko dutela aurreratu du lehen ministroak.
Bestalde, Macroni babesa adierazi dioten hautagaiek baina Errepublika Martxan alderditik kanpo daudenek zenbat boto lortzen dituzten ikusteke dago oraindik. Manuel Valls lehen ministro sozialista ohia horietako bat da, Frantzia Intsumisoa alderdiko kide bati aurre egin beharko diona.
OpinionWay inkesta-etxeak egindako aurreikuspenen arabera, Errepublika Martxan alderdiaren atzetik Errepublikanoak eta horien aliatuak egongo dira, 70 eta 90 ordezkari bitartean lortuta. Gauzak horrela, horiek izango dira oposizioko indar nagusia, Fronte Nazional alderdi ultraeskuindarrak gehienez ere bost ordezkari lortuko baititu (lehen itzulian hirugarren indarra izan zen). Alabaina, talde parlamentarioa osatzeko gutxienez ordezkari izatea beharrezkoa da.
Igande honetan parte hartzea txikia izatea espero da, eta baliteke % 46koa besterik ez izatea (2012an izandako bigarren itzulian % 55,4koa izan zen parte hartzea).