Mundua -
Neurri berriak
Obamak Kubarekiko sustatutako malgutzean atzera egingo du Trumpek
Turista estatubatuarrek irlara egindako bidaien baldintzak zorroztu eta Kubako enpresekin AEBko konpainiek dituzte harreman komertzialak mugatuko ditu.
Agentziak | Erredakzioa
AEBk eta Kubak 2014ko abenduan berrezarritako harreman diplomatikoei esker, bi herrialdeen arteko hartu-eman hotza urtzen hasi da. Kontrako bideari ekingo omen dio Donald Trump AEBko presidenteak, Barack Obama haren aurrekoak bultzatutako irlarekiko malgutzean atzera egiteko neurriak iragarriko baititu. Hala, Kubara joan nahi duten turista estatubatuarrei bidaiatzeko baldintzak gogortuko dizkiete, eta AEBko enpresek irlakoekin dituzten harreman komertzialak mugatuko ditu, AEBko iturri ofizialek jakinarazi duenez.
Neurriok ostiral honetan ditu iragartzekoak Trumpek, Miamin. Hura dute bizileku Castroren gobernuarekin kritiko diren opositore askok, eta agertoki paregabea dela iritzi dio Trumpek kanpainan zehar agindutakoak indarrean jarriko dituela jakinarazteko.
AEBko agintariak ez du harreman etete latzik proposatuko, eta bi herrialdeen arteko merkataritza jardunari eutsiko dio, baina muga zehatzak ezarriko ditu.
Hala, Kubara turismoa egitera joatea debekatuta dute estatubatuarrek, eta debeku hori betetzen dela ziurtatu nahi du AEBko presidenteak. Horretarako, "Kubako herritarrak ezagutzeko banakako bidaiak" (people to people travel gisa ezagutzen dira ingelesez) galaraziko ditu.
Alabaina, tankerako horretako bidaiak taldean egin ahalko dituzte estatubatuarrek.
AEBko Altxor Publikoak 12 kasutan bakarrik baimentzen ditu Kubara egindako bidaiak. Baldintzok bete beharko dituzte estatubatuarrek, eta bidaian egindako gastuen dokumentazio eta ziurtagiri guztiak gorde beharko dituzte, badaezpada.
Harreman komertzialak
Horrez gain, AEBko eta Kubako enpresen arteko harreman komertzialak mugatu nahi ditu Trumpek. Batez ere Castroren gobernuaren menpe dauden "segurtasun eta inteligentzia zerbitzuen menpe dauden enpresekin tratuak saihestea du helburu. Izango da salbuespenik, dena den, eta murrizketek ez diete Kubara doazen aire-konpainia militar eta itsas bidaiei eragingo.
AEBk Kuban duen enbaxada ixteko asmorik ez du Trumpek, ezta 2014ko abenduan berrezarritako harreman diplomatikoak etengo ere.