Mundua -
Kolonbia
FARC, alderdi politiko bihurtzeko prestatzen
Ekainaren 20tik aurrera abiatu ahal izango du prozesua, armagabetzea ordurako amaitzea aurreikusi baitute.
agentziak | erredakzioa
Rodrigo Londoño Echeverri 'Timochenko' Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen (FARC) buruzagiak jakinarazi du gerrilla bizimodu zibilean sartzeko prestatzen ari dela, eta alderdi politiko gisa egingo duela hori. Ekainaren 20tik aurrera abiatu ahal izango du prozesua, armagabetzea ordurako amaitzea aurreikusi baitute.
Oslotik Reutersi eskainitako elkarrizketa batean emandako azalpenen arabera, FARC Kolonbiako bizi politikoan sartzeko hautatuko duten izena eztabaidatzen ari da, bake akordioa hankaz gora jar dezaketen presidenterako eta legegintzarako hauteskundeak egiteko urtebete falta denean.
"Kongresuan erabakiko ditugu gauza horiek guztiak", gaineratu du. Kongresua abuztuan edo irailean izango da, eta "eztabaida irekia" egingo dute, "ahal den zabalena", eta bertan erabakiko dute "zein plataforma politiko" erabiliko duten eta "zein tesi" defendatuko dituzten foro demokratikoetan, Norvegiako hiriburuan gatazkei buruzko jardunaldi batzuetara igorritako bideoan agertu duenez.
"Proposamenarekin asmatzeko kezka daukagu", aitortu du, eta horretarako FARCek aintzat hartuko omen ditu "Kolonbiak une desberdinetan bizi izandakoak", tartean Batasun Patriotikoa, M19 gerrillatik sortutako alderdi politikoa, paramilitarrek deuseztatu zutena.