Mundua -
Armen industria
Qatarrek 36 ehiza-hegazkin erosi dizkio AEBri, 12.000 milioiren truke
Trumpek 'terrorismoaren finantzazioa' baztertzeko Qatarri eskatu eta astebetera gauzatu da salerosketa.
Agentziak
Qatarrek 36 F-15 ehiza-hegazkin AEBri erosteko eragiketa sinatu du gaur, osteguna, 12.000 milioi dolarren truke, Pentagonoak esan duenez.
Alabaina, Trumpek 'terrorismoaren finantzazioa' baztertu eta "nazio arduratsuen komunitatera itzultzea" Qatarri eskatu eta astebetera gauzatu da salerosketa.
"Qatarri terrorismoaren finantzazioa bazter dezala eskatzeko garaia iritsi da. Finantzazioa eta muturreko ideologia baztertu behar ditu", esan zuen Trumpek Klaus Iohannis Errumaniako presidentearekin batera emandako prentsaurrekoan, aurreko asteko ostiralean.
Khalid Al Attiyah Qatarreko Defentsa ministroak eta Kim Mattis AEBkoak itxi dute 12.000 milioi dolarreko akordioa Washingtonen, Pentagonoaren arabera.
Salerosketaren bidez, "Qatarrek aitzindaritzako gaitasuna izango du, eta Estatu Batuen eta Qatarren arteko kooperazioa eta bien segurtasunaren eraginkortasuna handituko du", Defentsa Departamentuak ohar baten bidez zabaldu duenez.
Aurreko urtean, Kongresuak 72 F-15 saltzeko akordioa sinatu zuen, 21.000 milioi dolarren truke, gaur sinatutako salmentari bidea eginda.
Halere, hori gertatu ondoren, Qatarren inguruko herrialdeen gehiengoak, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak gidatuta, harremanak hautsi zituzten Doharekin, diplomazia, merkataritza eta garraiobideen esparruan, Irango talde terroristak babesten dituela argudiatuta.