Mundua -

Washington Post-en arabera

Trumpek Justiziaren lana eragotzi ote zuen ikertzen ari da fiskal berezia

Albistea ezagutu ostean, presidentearen abokatu taldeak esan du Post egunkariari egindako filtrazioa "eskandalagarria, barkaezina eta ilegala" dela.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiak AEBko 2016ko presidentetza-hauteskundeetan esku hartu ote zuen ikertzen ari den fiskal berezia Donald Trump presidente estatubatuarra ikertzen ari da, Justiziaren lana oztopatu ote zuen argitzeko, zenbait iturri ofizialek The Washington Post egunkariari adierazi diotenez.

Mueller fiskal nagusi izendatu zuten Errusiaren auzia ikertzeagatik, James Comey FBIren zuzendari ohia kaleratu ostean. Comeyk, ondoren, adierazi zuenez, Michael Flynnek Errusiarekin izan omen zituen harremanen ikerketa "pasatzen uzteko" eskatu zion presidenteak.

Oraingo albistea ezagutu ostean, presidentearen abokatu taldeak esan du Post egunkariari egindako filtrazioa "eskandalagarria, barkaezina eta ilegala" dela.

"FBIren filtrazioa eskandalagarria, barkaezina eta ilegala da", esan du Mark Corallo dirudunaren abokatu pertsonaletako batek. Horren arabera, FBIko norbaitek egin du filtrazioa.

Comeyk aurreko astean deklaratu zuen, Senatuaren Inteligentzia Batzordearen aurrean. Deklarazioan, presidentearekin izan zituen elkarrizketen nondik norakoak azaldu zituen. Besteak beste, Trumpek "leiala" izatea eskatu zion Comeyri, eta bere lanpostua leialtasun horri baldintzatuta egongo litzateke.

Justiziaren lana oztopatzeak Trumpen aurkako kargugabetzea ("impeachment") ekar lezake Kongresuan. Hori da, hain zuzen, oposizio demokratak babesten dutena, baldintza egokiak baldin badaude.

 

http://www.eitb.eus/eu/hauteskundeak/hauteskundeak-aeb/osoa/4475667/donald-trumpen-biografia-2016-aebko-presidente-errepublikanoa/
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Gaurko azken ordukoa Donald Trump AEBko lehen dama ohia Ikerketa Bulego Federala