Mundua -
Europako Batzordea
Hungaria, Polonia eta Txekia zigortu dituzte, errefuxiatuak ez hartzeagatik
Zigor prozedura irekitzea prozesu luze baten lehen pausoa da. Akordiorik ez baldin badago, Bruselak Europar Batasuneko Justizia Auzitegira jo dezake.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako Batzordeak zigor espedientea zabaldu die Txekiari, Hungariari eta Poloniari, Europar Batasunak onartutako asilo kuotak ez betetzeagatik.
Dimitris Avramopoulos Europar Batasuneko Immigrazio komisarioaren esanetan, Europar Batzordeak behin baino gehiagotan ohartarazi ditu hiru herrialdeak, eta horiek ez omen dute ez keinurik ezta konpromisoak betetzeko ezer egin, EBren esanetan.
Dena den, Europako Batzordeak eskua luzatu die Pragako, Budapesteko eta Varsoviako gobernuei, eta jarrera zuzentzen badute espedientea erretiratzeko prest agertu da. Errefuxiatuak banatzeko Europar Batasunak hartutako erabakiaren arabera, herrialdeek bi urteko epea dute beren betebehar legalak betetzeko, baina irailean amaituko da epe hori.
EBko kideek denen artean bi urteren buruan 160.000 errefuxiatu hartzea adostu zuten, eta praktikan 28 herrialdeetako batek ere ez ditu bere konpromisoak bete. Hala eta guztiz ere, Europako Batzordearen esanetan betiere, herrialde gehienek lekualdaketak azkartu dituzte eta bete gabeko postuen inguruko informazioa jakinarazten dute aldian-aldian. Zigortutako hiru herrialdeek "ez dute beren obligazioak betetzeko ezer egin", komisarioaren hitzetan. Avramopoulosek gaineratu duenez, ez Hungariak ez Poloniak ez dute pertsona bakar bat ere hartu, eta Txekiak jarrera bera hartu zuen iazko abuztuan.
Zigor prozedura irekitzea prozesu luze baten lehen pausoa da. Hiru herrialde horiek, baina, aukera izango dute oraindik Bruselari konponbideak proposatzeko edo erantzuteko. Akordiorik ez baldin badago, Bruselak Europar Batasuneko Justizia Auzitegira jo dezake.
2015eko irailean errefuxiatuak hartzeko programa abian jarri zenetik, 20.869 pertsona birkokatu dituzte: 13.973 Greziara iritsi ziren, eta 6.896, ostera, Italiara. Espainiak 886 pertsona birkokatu ditu (bat bera ere ez azken bi hilabeteetan) eta beste 8.437 birkokatu beharko lituzke iraila bitartean berari ezarritako kuota betetzeko.