Mundua -
Senatua
Sessionsek esan du 'gezur borobila' dela Errusiarekin konspiratu zuela
AEBko fiskal nagusiak esan du "sekula ez" zela Errusiako Gobernuko funtzionarioekin bildu hauteskundeetan eragina izateko helburuarekin.
agentziak | erredakzioa
Jeff Sessions AEBko fiskal nagusiak esan du 2016ko hauteskundeak baldintzatzeko Errusiako Gobernuarekin konspiratu zuela iradokitzea "gezur beldurgarria eta nazkagarria" dela.
"Gezur beldurgarria eta nazkagarria da gure prozesu demokratikoa kaltetzeko eta herrialde hau zauritzeko Errusiako Gobernuarekin konspiratu dudala", adierazi du Sessionsek.
Era berean, fiskal nagusiak azpimarratu du "sekula ez" zela Errusiako Gobernuko funtzionarioekin bildu hauteskundeetan eragina izateko helburuarekin.
"Sekula ez dut bilerarik edo elkarrizketarik eduki ez funtzionario errusiarrekin ez atzerriko Gobernuko beste funtzionarioren batekin AEBko hauteskundeetan eragina izateko", ziurtatu du Sessionesk Senatuko Inteligentzia Batzordean, Errusiak hauteskundeetan ustez izan zuen eragina ikertzen ari den lantaldearen aurrean, hain zuzen.
Fiskal nagusiak berretsi du ikerketa horretatik atera zela martxoaren 2an Trumpen kanpainan parte hartu zuelako, eta ez zuelako egoki ikusten agintariaren inguruari eragiten zion ikerketa batean parte hartzea.
"Garrantzitsua da; ikerketatik atera nintzen, baina ez kanpainan zikin jokatu nuelako, baizik eta Justizia Departamentuaren araudiarengatik", adierazi du Sessionsek.
Kontua da Sessionsen erabaki hura prentsak polemika piztu zuenean iritsi zela. Prentsan zabaldu zen Sessions Sergey Kislyak Errusiak AEBn duen enbaxadorearekin bildu zela bitan hauteskunde kanpaina erdian, eta fiskalak ez zuen horren berri eman kargua hartu zuenean.