Mundua -
Emaitza partzialak
Koalizio nazionalista batek irabazi ditu hauteskunde legegileak Kosovon
Kosovoko Alderdi Demokratikoak, AAK eta Nisma alderdiek osatutako aliantza nagusitu da, botoen % 34,6 eskuratuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Koalizio nazionalista batek irabazi ditu atzo Kosovon egin zituzten Parlamenturako hauteskundeak, botoen % 91 zenbatuta KQZ Hauteskunde Batzordeak emandako datuen arabera.
Kosovoko Alderdi Demokratikoak, AAK eta Nisma alderdiek osatutako aliantzak irabazi ditu bozak, botoen % 34,6 eskuratuta. Hauteskundeak irabazi dituen koalizioko burua Ramush Haradinaj gerrillari ohia da, eta Serbiak gerra krimenak leporatzen dizkio.
Botoen % 26,75 lortuta, Vetevendosje alderdi ultranazionalista gelditu da bigarren tokian, orain arte lehen ministro izan den Isa Mustafaren LDK Kosovoko Liga Demokratikoaren aurretik. Azken horrek botoen % 25,81 lortu ditu.
1,8 milioi herritar zeuden botoa ematera deituta, Parlamentuko 120 ordezkari aukeratzeko. Legebiltzarreko 120 parlamentarietako 20 gutxiengoen kideak izango dira.
2008an Kosovok Serbiarekiko independentzia aldarrikatu zuenetik herrialdean egin diren hirugarren hauteskunde legegileak dira. 110 herrialdek onartu dute Kosovo estatu burujabe gisa, tartean AEBk eta Europar Batasuneko herrialde gehienek, baina ez, ordeak, Serbiak, Errusiak, Txinak, Brasilek eta Espainiak.