Mundua -

Frantzia

Erraz nagusitu da Macron hauteskunde legegileen lehen itzulian

Botoen % 32,32 jaso du, inoizko parte hartze txikiena izan duen bozketan; hautesleen % 48,71ek bozkatu du.

Macronek Asanblea Nazionaleko gehiengo osoa lor lezake igandean

1:26

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errepublika Martxan-Mugimendu Demokratikoa Emmanuel Macronen aldeko koalizioa izan da garaile Frantziako hauteskunde legegileen lehen itzulian, botoen % 32,32 jasota, Barne Ministerioak argitaratutako datuen arabera.

Hala, bozen zenbaketa bukatuta, Errepublikanoak eta horien aliatuek botoen % 21,56 jaso dituzte; ondoren, Fronte Nazionala (% 13,2) ageri da zerrendan, Frantzia Intsumisoa (% 11,02) eta Alderdi Sozialista (% 7,44). Are urrunago geratu dira Europa Ekologia-Berdeak (% 4,3) eta Alderdi Komunista (% 2,72), eta beste beste.

Parte-hartze txikia izan da bozketaren protagonistetako bat: % 48,71ekoa izan da, Barne Ministerioaren esanetan. Izan ere, inoizko parte-hartzerik txikiena izan da. Aurrekoetan (2012), hautesleen % 52,7k bozkatu zuen.

"Frantzia itzuli da", esan du Edouard Philippe lehen ministro frantziarrak, telebista publikoan. "Hurrengo igandean, Frantziako Asanblea gure Errepublikaren aurpegiaren pertsonifikazioa izango da".

Gainera, Philippek nabarmendu du frantziarrek Macronen alde egin dutela boto kutxetan, "hirugarrenez". Era berean, gaineratu duenez, presidenteak barne politikan eta kanpoko politikan egindako lehen neurriak babestu dituzte hiritarrek oraingo honetan.

Oposizioaren alderdi politikoek, aldiz abisua zabaldu dute: Macronen aldeko alderdiek lortuko luketen gehiengo zabalak ez luke eztabaida demokratikorako tarterik utziko.

Argazkia: EFE

"Ez da osasungarria, ezta desiragarria ere, presidentetza-hauteskundeetan soilik botoen % 24 jaso duen eta muturreko eskuinari aurre egiteko bigarren itzulian aukeratu zuten presidente batek ordezkaritza nazionalaren monopolioa izatea", esan du Jean-Christophe Cambadelis Alderdi Sozialistako lehen idazkariak.

Errepublikanoen aldetik (bigarren indarra oraingo hauteskundeetan), François Baroinek egin du agerraldia. Bere esanetan, botere politikoek ez luke alderdi bakar batean egon behar. Marine Le Penek, era berean, adierazi du emaitzak "kezkagarriak" direla, gehien bat parte-hartze txikiagatik.

Kolpe handia Alderdi Sozialistarentzat

Hauteskunde legegileak kolpe berri bat izan dira Alderdi Sozialistarentzat, Cambadelis eta Benoit Hamon hauteskunde prozesutik kanpo geratu ostean.

Emaitza ofizialen arabera, Cambadelis laugarren hautagaia izan da Parisko 16 barrutian, jasotako botoei dagokienez, % 10 jasota, Mounir Mahjoubi Estatu idazkariaren (Errepublika Martxan, % 37) eta Sarah Legrainen (Frantzia Intsumisoa, % 20) atzetik. Horiek biak bigarren itzulian lehiatuko dira eserlekua lortzeko.

"Ezkerrak inoiz izan duen atzerakadarik handiena izan da hauteskunde legegileen lehen itzuliaren berezitasuna, inkesten arabera", Cambadelis adierazi duenez, hauteslekuetan egindako inkesten emaitzak ezagutu eta gero.

Hamonek, bestalde, aukera guztiak galdu ditu Yvelines departamentuko 11. barrutian kanpoan geratuta. "Arratsalde honetan, hautesleek konfiantza gehiagorik ez ematea erabaki dute. Ohorea izan da bost urtez haien ordezkaria izatea", esan du Twitterren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Frantzia bideoak Hauteskundeak Frantzia gaur Emmanuel Macron