Mundua -
Hauteskundeak Erresuma Batua
Mayren Alderdi Kontserbadoreak irabazi du, baina gehiengo osoa galduta
Alderdi Unionista Demokratikoak lortutako 10 ordezkarien babesa jasotzeko negoziatzen ari omen da. Mayk gobernua osatzeko baimena eskatuko dio erreginari datozen orduotan.
agentziak
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak ordezkatzen duen Alderdi Kontserbadoreak hauteskundeak irabazi ditu, 318 (aurrekoetan baino 12 gutxiago) eserleku eskuratuta, 649 zirkunskripzio zenbatuta daudenean (650 dira guztira). Gehiengo osoa 326 eserlekurekin eskuratzen da.
BBCk telebista kateak jasotako datuen arabera, Alderdi Laboristak 263 (31 gehiago) eserleku lortu ditu. Laboristak emaitzen buruan izan dira zenbaketaren zati handi batean.
Horien bien atzetik, Alderdi Nazional Eskoziarra (SNP), 35 eserlekurekin (-21); Liberal Demokratak, 12rekin (+4); DUP 10ekin (+2) eta, Sinn Fein, 7rekin.
Joera behin betiko emaitzekin baieztatuz gero, lehen ministroak hauteskundeak aurreratzeko egindako apustua antzua litzateke, bere helburua Westminsterren zuen 17 eserlekuko tartea zabaltzea baizen.
Mayk berak esan du ostiral honetan herrialdeak "egonkortasun bolada" bat behar duela eta, gaineratu duenez, bera beti jardun da nazioaren interesen alde.
"Herrialdeak egonkortasun bolada bat behar du, eta emaitzak edozein izanda ere, kontserbadoreek egonkortasuna bermatuko dute herrialdeak bat eginda jarrai dezan", adierazi du.
Hala, bere alderdiak hauteskundeak irabazten baditu, esan duenaren arabera, "egonkortasuna kontserbadoreen esku egongo da, eta hori da egingo duena", BBC telebista kateak zabaldu duenez.
Maidenhead barrutian eserlekua mantentzea lortu ostean egin ditu adierazpenok Mayk, eta berretsi du Brexita zuzen aplikatzeko lan egingo duela.
May, Buckinghamerako bidean
Theresa Mayk Buckingham jauregira joko du gaur Isabel II.a erreginari Gobernua osatzeko moduan egongo dela esateko, nahiz eta gehiengo osoa lortu ez duen, Downing Streeteko bozermale baten hitzetan.
Datozen orduetan heltzea espero da. Izan ere, lehen ministroa 11:30ean GMT (12:30ean, gurean) joatekoa zen erreginarengana, Gobernua osatzeko baimen eske, baina atzeratu egin da. BBCren arabera, Mayk Alderdi Unionista Demokratikoaren babesa izango luke, Ipar Irlandari dagozkion 18 eserlekuetatik 10 eskuratu ostean.
Corbyn, gaur. Argazkia: EFE
Corbyn: ''Brexit'ak aurrera jarraitu behar du'
Jeremy Corbyn Alderdi Laboristaren buruzagiak gaur, ostirala, adierazi duenez, alderdia Erresuma Batua "zerbitzatzeko prest" dago. BBCn egindako adierazpenetan, halere, argi utzi du ez dutela akordiorik ez itunik egingo.
Gainera, Corbynek Mayren dimisioa eskatu du berriz eta, hauteskundeen emaitzak gorabehera, 'brexit'aren gaineko negoziazioek aurrera egiten jarraitu behar dutela azpimarratu du.
John McDonnell Alderdi Laboristaren bozeramale eta Jeremy Corbynen hurbilekoak iragarri duenez, laboristak gutxiengodun gobernua osatzen saiatuko dira Erresuma Batuan, Alderdi Kontserbadorearen ezegonkortasunagatik, gehiengo osoa galdu ostean.
"Ez dut inor iraindu nahi, baina uste dut ez dela benetako lehen ministro bat bezalakoa, ezin du bizirik iraun, eta zenbait parlamentari kontserbadorek esan dute esparru pribatuan ezingo diola eutsi egoerari", esan du MacDonnellek BBC telebista katean.
Izan ere, Farageren adierazpenen ostean, Paul Nuttall UKIPen gaur egungo buruzagoak dimisioa eman du, lortutako emaitza txarrengatik, ez baitu ordezkaririk lortu eta, gainera, % 1,8ra jaitsi da jasotako botoen ehunekoa.
Nigel Farage, artxiboko argazkian. Iturria: EFE
Farage, 'brexit'agatik kexu
Nigel Farage Erresuma Batuaren Independentziaren aldeko Alderdiko (UKIP) buru ohia kexu agertu da Alderdi Kontserbadoreak lortutako emaitzengatik, gehiengo osotik urrun, Theresa May lehen ministroaren planak (Europar Batasunetik irteteko) samurtu litezkeelako.
Farage BBCn esan duenez, "benetan" kezkatu duena da David Davis 'brexit'a gauzatzeko ministroak esandakoa. "Agian komeni da merkatu bakarretik eta aduanen batasunetik irtetea birpentsatzea", esan du Davisek oraindik hauteskundeak irabaziko zituztela jakin aurretik.
"Finean, izaerez ari gara. Berak (May) ez du proba gainditu. Ez zirudien lider bat", esan du Farage. Gainera, 'brexit'a arriskuan badago uste badu, baliteke politikara itzultzea esan du Faragek.
Europako Gobernuak akordioa eskatu du
Erresuma Batuan atzo egindako hauteskundeen emaitzek Europar Batasunetik irteteko negoziazioetan eraginik ez izatea espero duela esan du Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko (EB) presidenteak.
?Espero dut hauteskundeen emaitzek ez izatea inolako eraginik oraindik hasi ez ditugun negoziazioetan?, esan du Junckerrek ostiral honetan Pragan egindako agerraldian.