Mundua -

700 metroko sakoneran

Txilen harrapatutako meatzarien erreskatea hiru hilabetez luzatuko da

Erreskate lanak hasi dira dagoeneko; tximinia baten antzeko zuloa egingo dute ura, jatekoak eta botikak helarazteko. Meatzariek 17 egun daramatzate harrapatuta 36 graduko tenperaturan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txileko San Jose meategian harrapatutako 33 meatzariak bizirik daude eta handik ateratzeko erreskate lanek hiru hilabete inguru iraungo dituzte. Meatzariak 17 egun daramatzate lurrazpitik irten ezinik.

Igandeko lehen orduetan, zunda baten bidez 688 metrora dagoen galeria batera iristea lortu dute. Datu guztien arabera, galeria horretako babesleku batean egon daitezke 33 harrapatuak abuztuaren 5eko eraisketaren ondoren.

San Josekoa ehun urte inguruko meategia da, gehiegi ustiatutakoa. 2007 urtean istripu baten ondorioz itxi eta handik gutxira berriro irekitzeko erabaki eztabaidagarria hartu zuten.

Erreskate lanetan ari den talde batek meatzariengana iritsi eta gutun bat eta irudi batzuk hartzea lotu dute. Irudietan zortzi edo bederatzi meatzari ikus daitezke, besoak astintzen eta, dirudienez, egoera fisiko onean.

Erreskate zaila

Sebastian Piñera presidenteak esandakoaren arabera, zuloa egiten ari dira botikak, jatekoak eta edatekoak helarazteko asmoz. Guzti hori beharrezkoa izango dute erreskate lanak hiru hilabetez luzatuko baitira.

Agintarien arabera, harrapatuta dauden 33 meatzarien artean bik silikosi arina dute eta hirugarren bat diabetikoa da.

Erreskate lanak hasi dira dagoeneko. Adituek 65 zentimetroko diametroa duen tximinia egiteko asmoa dute, zunda sartu duten lekutik paraleloan. Ideia, meatzariak zulo horretatik ateratzea da soka eta esku-oheak erabiliz. Horretarako, hiru hilabete beharko dituzte gutxienez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea